Italian da Iñigo Iglesias, munduko txapelketaren hirugarren proban lehiatzeko
Errenteriarra bigarrena da sailkapen taulan. Motoziklismo Supersport 300eko Munduko Txapelketaren hirugarren proba bihartik igandera jokatuko dute.
Misanon (Italia) da Iñigo Iglesias Bravo pilotu errenteriarra. Gaur bertan abiatu da bihartik igandera arte bertan jokatuko den munduko txapelketaren hirugarren proban parte hartzeko. errenteriarra, bigarrena da sailkapen taulan eta goi-goiko postuetan mantentzea du helburua. Hirugarren probaren barruan, bi lasterketa izango ditu Iglesiasek jokoan, bosgarrena eta seigarrena.
Hasiera biribila mundialari pilotu errenteriarrarena; Bartzelonan irabazi eta Assenen (Herbehereak) lehenengo bosten artean sailkatu zen Iglesias. Horrek egun duen bigarren postuan jarri du pilotua. Erronka, postu horietan mantentzea da orain, sailkapen taulan ahalik eta gorenean Iglesiasentzat eta RT Motorsports taldearentzat.
Iglesiasek jakin badaki lasterketa eta zirkuitu bakoitza ezberdina dela, baina bere ingurutik nahikoa prestatua dagoela ezarritako erronkari eusteko diote, baikor, “lasterketa irabazteko borrokan ariko da zalantzarik gabe”.
Marco Simoncelli zirkuituan izango da lehia, eta aski ezaguna du Iglesiasek, aurretik izana delako bertan, “konfiantza osoa du egoki arituko dela, lehiakortasun maila onean. Txapelketak geldialdi luzea izan du, eta hori aldeko izan du belauna osatu, eta motoaren arlo teknikoak lantzeko”, esan dute haren ingurukoek.