Gobernu taldeak egindakoen, erronken eta asmoen berri eman du
Ia urtebete da EH Bilduk Lezoko Udalaren gidaritza bere egin zuenetik. Egindakoen, erronken eta asmoen berri eman dute gobernukideek.
2023ko maiatzaren 26ko hauteskundeak irabazi ondoren, iazko ekainaren 17an hartu zuen Lezoko Udalaren gidaritza EH Bilduk, Mikel Arruti alkate izendatuta. Ordutik egindakoaren berri emateko agerraldia egin dute gaur Arrutik berak, eta Eneritz Arruti nahiz Iker Salaberria zinegotziek. Norabide garbi bat ezarri dutela adierazi dute, eta otsailean aurkeztutako Agintaldi Planean dagoela jasota hori. Urtebetean egindakoaren berri emateaz gain, aurrera begira jarri dira udal gobernukideak, eta orain ateratako ondorioen berri ere eman dute.
Egindakoen azalpenak hiru ataletan banatu dituzte. Lehenean, udalari zer norabide eman dioten azaldu du Eneritz Arrutik. Bide horretan, 360 herritarrek inkesta bidez euren iritzia eman, eta hori kontuan hartu dutela adierazi du zinegotziak. Lezoarren behar eta ezinegonak jaso zituzten. Hala, gobernukideen irizpideekin zein inkesta bidez jasotakoekin Agintaldi Plana osatu zutela zehaztu du Arrutik: “Legegintzaldi plan berezia izan da. Lau urteko plan bat baino gehiago da. Misio bezala irudikatu dugu. Misio horrentzat definizio bat, esaldi bat atera dugu, gure zereginaren erakusle dena: Enpatiatik komunitatea eraikiz, pozik bizi den herri koskorra; horrela ikusten dugu etorkizuneko Lezo“. Misio edo zeregin hori, bost ildo bidez eramango dute aurrera: herritarren ongizate emozionalean eragin nahi dute, feminismotik datorren zaintza eredua kontuan hartuz, eta haur eta gazteei begirako politikak eginez; elikadurari eta energia burujabetzari ere eutsi nahi diote; euskara da hirugarren erronka; laugarrenarekin Lezok ingurumen eta mugikortasun alorretan dituen arazoei aurre egin nahi diete, Lezo herri bizigarria izan dadin eta Oinezkoen Lezo berde eta urdina leloari eutsiz; eta azkenik, Lezoren identitatean eta herritarren arteko ezagutzan eragin nahi dute, “Lezo bizi eta parte hartzailea nahi dugu”. Erronka horiek egikaritzeko bidean plangintza osatua dute jada.
Horiez gainera, udal funtzionamenduari begirako hainbat kontratu iraungita edo etenda zeudela aipatu du Eneritz Arrutik, eta horiek eguneratu edo indarrean jarri dituztela. Honakoak zerrendatu ditu: udal eraikinen garbiketarena, kale garbiketa zerbitzuarena, zabor bilketa zerbitzuarena, lorezaintza zerbitzuarena, Plazeta futbol zelaiarena, edo Aiton Bordako tabernaren ustiaketarena. Gainera, udal barruko funtzionamenduan eragin dutela jakinarazi du Arrutik, hori optimizatu, eta langileek ikuspegi orokorra izate aldera helburu partekatu eta koordinazio irizpideekin, tartean daudelarik udal langileen funtzionamenduari buruzko irizpide berriak.
Baliabide ekonomikoak
Udal baliabide ekonomikoak herritarren beharretara egokitzeko neurriak hartu ditu udal gobernu berriak. Azalpenen bigarren atalean eman du horien berri Iker Salaberria zinegotziak. Hasteko, Salaberriak azaldu du gobernu berriak udal tasa eta zergak eguneratu behar izan dituela, 2020tik izoztuta baitzeuden. “Ordutik bizitzaren garestitze orokorra eman da, eta ezinbestean eguneratu behar genituen. Udalak baliabide gutxiago zituen herritar guztiei bere zerbitzuak eskaintzeko. Zerga eta tasak eguneratzeko premia zegoen. Gainera, udalaren hainbat zerbitzutan defizita edo zorra pilatzen ari zen, zabor bilketan 150.000 eurokoa adibidez”, zehaztu du Salaberriak.
Gehiago bildu bai, baina nola? Salaberriak azaldu du familien errentaren araberako zerga eta tasa sistema hobetsi dutela, hobari bidez. Gutxiago dutenek, gutxiago ordaintzea finean. Horretarako uraren, estolderiaren eta zaborraren tasei eragiten dien hobari sistema ezarri dute. Aldi berean, Lezoko herritarren errentaren gaineko ikerketa bat abiatu dutela azaldu du Salaberriak, “tasak eta zergak Lezoko argazki orokorrera ahalik eta gehien hurbiltzeko”.
Aurrekontuak ere izan ditu hizpide Salaberriak. Azaldu du Agintaldi Planaren bost erronkei erantzuteko eta bertan dauden proiektuei aurre egiteko daudela bideratuta 2024ko udal aurrekontuak. Adibideak eman ditu. Hala, ongizate emozionalaren arlorako 963.000 euroko partida gorde dute, horren barruan delarikk Adifen eraikinean bazterketa egoeran dauden pertsonentzako egokitzen ari diren espaziorako inbertsioa; Berdintasun Planerako ere baliabideak bideratu dira; Lezo eremu tenkatu izendatzeko, eta etxebizitza plana egiteko baliabideak ere jasota daude aurrekontuan; Oinezkoen Lezo berde eta urdina egitasmorako beste 474.000 euro bideratu dituzte, batez ere Altamira auzora begirako inbertsioekin; eta irisgarritasun alorrean Zubitxo kalean egin beharreko lanetara ere dirua bideratuko du udalak. Lezo herri biziagoa izateko bidean, Salaberriak azaldu du 215.000 euroko partida dagoela arlo horri esleitua, eta horren barruan, besteak beste, Karlos Saldise plazako estalkia kopontzea nahiz Arraitokiko lurpeko parkinaren eta gizarte-kultura eraikin berriaren aurre-proiektua martxan jartzea daude. Horiez gain, elikadura eta energia burujabetzaren bidean Energia teknikaria kontratatu dela esan du Salaberriak, eta gainera, herriko energia komunitatea sortzen laguntzea xede bultzada ekonomikoa ere hitzartu dutela. Azkenik, Lezon euskararen erabilera sustatzeko 20.000 euro bideratu duela jakinarazi du zinegotziak, Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko bidean Lezo Euskaragarri prozesuan enfasia jarriz.
Bi datu eman nahi izan ditu Salaberriak: gizarte larrialdietarako 200.000 euroko partida gorde dutela (33 euro herritar bakoitzeko), eta herriko azpiegiturak txukuntzeko 2,5 milioi euroko diru zatia.
Nola egin
Zer egiten ari diren azaldu dute Eneritz Arrutik eta Iker Salaberriak. “Baina nola egiten dugun azaltzea ere oso garrantzitsua da guretzat”, esan du Mikel Arruti alkateak. Herri erronkak aipatu ditu, zehaztuz tokiko gobernu batzordean oposizioko alderdiei parte hartzeko gonbita egin zitzaiela batetik, eta bestetik, herriko eragileekin eta herritarrekin batera lan egiteko bokazioa dutela. “Herri erronkei aurre egiteko bidea, denen artean egiten den hori da gure ustez. Horrela herri erronkei egokiago erantzungo diegu”.
Elkarlanerako hainbat esparru zabaldu direla adierazi du alkateak. Hala nola herriko parkeen eraldaketaren gaineko gogoetarena, Lezo Euskaragarri prozesuarena, Oinherriko kide izanda Lezo herri hezitzailea izatearena, herriko adinekoei begira egiten ari diren hainbat lanketarena, edo energia komunitatea sortzeko prozesuarena. “Horiek gure gobernantza ereduaren zantzu batzuk besterik ez dira. Eredu horrek irekia, zabala eta parte hartzailea izan behar du. Hori egiten ari gara”.
Hala, urtebeteko lanaren ondorioen berri eman du Arrutik, hiru zatitan. “Lehena da urte honetan indar asko jarri behar izan dugula barruko lanetan. Bazen hainbat zerbitzuren kontratuak berritzeko urgentzia. Indar asko jarri behar izan dugu hor, bai eta zerbitzu horiek moldatzeko lanean ere”. Udal barruko lanekin jarraituz, antolaketa modernizatzeko hautu irmoa hartu dutela azaldu du Arrutik, “udala bideratu behar dugu egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduan. Horrek udal barruko antolaketan aldaketak eskatzen ditu. Ez dira bat-batean emango, lana suposatzen dute, baina beharrezkoak dira. Herritarren begietara ikusten ez diren lanak dira horiek”. Herritarrek ikusiko dituztenak batez ere mantenu eta berritze inbertsioak izango dira, “horiek egiteko martxoko udalbatzarrean aurrekontuan aldaketak egin genituen”. Ordenantza fiskalak eguneratzearen beharraz ere mintzatu da Arruti. “Hirugarren puntua: alkatetzara iritsi ginenean gauzak beste era batera egin behar direla esan genuen. Hori egunerokoan islatu nahi dugu. Udalgintza herriko eragileekin eta herritarrekin batera egin behar da. Bide horri eusteko hainbat eraldaketa prozesu abiatu ditugu”.
2024ari begira, bi asmo nagusi aipatu ditu alkateak: batetik, mantenu eta inbertsio plana aurrera eramatea “Lezon horien beharra dugulako”; eta bestetik, gobernantza eredu berrituan sakondu nahi dute, tartean auzokako bilerak berreskuratuz eta herritarren ekarpenak jasoz. Alkateak oroitarazi du herritarren ekarpen, kezka eta iritziak jasotzeko aurrez aurreko zerbitzua duela udalak: txanda eskatzeko 943 52 98 86ra deitu behar da, edo posta elektronikora mezua bidali.