Ikasleen emanaldiek jarriko diote ginga Herri Arte Eskolaren ikasturteari
Ikasturteari merezi moduan emango diote bukaera. Aste honetan zehar egingo dituzte ikasleek emanaldiak.
Ikasturte bukaera heldu da Herri Arte Eskolara ere, eta ginga jartzeko, ikasleen emanaldiak ondu dituzte aste honetan zehar. Gaur bertan piano entzunaldiak izango dira 17:3oean eta 18:15ean, Herri Arte Eskolan. 19:00etan berriz, hitzordu bikoitza, izan ere, antzerki taldeko ikasleek egingo dute emanaldia Niessengo auditorioan, baita, haize instrumentu taldekoek ere Herri Arte Eskolan.
Bihar berriz, haize instrumentuen emanaldia izango da 17:30ean Herri Arte Eskolan; leku berean, baina 18:00etan perkusio taldea eta jazz konbo taldearen txanda izango da, eta 18:30ean, Hitzaren eremuaren emanaldia Lekuona Fabrikako plaza berdean. Dantza diziplina guztien emanaldia Lekuona Fabrikan, 19:00etan egingo dute, eta 19:30ean Donostia eta Errenteria-Oreretako helduen elkartruke emanaldia izango da Niessen Kulturguneko auditorioan.
Asteazkenean dantza diziplina guztien emanaldiak zabalduko du egitaraua 18:00etan Lekuona Fabrikan. Espazio horretan ere, Hitzaren eremua, 18:30ean hasita. Herri Arte Eskolan bertan, trikiti eta pandero ikasleak ariko dira 19:30ean, eta 20:00etan antzerkiak hartuko du lekukoa Herri Arte Eskolan bertan.
Ostegunean 16:00etatik 20:00etara antzerki elkartrukea egingo dute Herri Arte Eskolan. 18:00etan Ganbera taldea eta Banda Txikia Niessengo auditorioan, eta 19:30ean pop rock taldea eta ganbera taldea.
Ostiralean bukatuko dira emanaldiak, eta 19:00etan emanaldi ederra eskainiko dute Lekuona Fabrikan Orkestra ikasleen bandak eta Atlantikaldiako taldeak, eta dantzak ere ez du hutsik egingo.