Erromeria Eguna, uztailaren 13an
Ohikoa baino astebete lehenago egingo dute euskal dantzaren festa. Eguneko herri bazkarirako txartelak salgai dira jada.
Aurtengo Erromeria Eguna uztailaren 13an izango dela jakinarazi du Ereintza elkarteak. Ohikoa izaten da Madalen Jaien hasieraren (uztailaren 21ean hasten dira beti) aurreko larunbatean egitea euskal dantzaren topagunea, baina aurten egun hori uztailaren 20a denez, aurreratzea erabaki dute. Izan ere, uztailaren 20an madalenen aurreko hainbat ospakizun izango dira herrian, eta horiek ez oztopatzearen aldeko erabakia hartu dute Ereintzakoek. 24. ekitaldia izango du aurten Erromeria Egunak.
Ereintzako kideek zehaztu dute uztailaren 13ko egitarauaren berri aurrerago emango dutela. Baina azaldu dute jada salgai direla egun horretako herri bazkarirako txartelak: Paki belardendan, Arkaitza tabernan eta Ereintza elkartearen egoitzan bertan eros daitezke.