Hemen da '15 urte amesten'
22:00etan hasiko du Arkaitz Erizek hamabost orduko elkartasun erronka lasterkaria. Gaur eta bihar ekintza osagarri asko izango dira.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/06/kalu-erronkaona.jpg)
Hemen da urteko erronka, 15 urte amesten. Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteen alde, Oarsoaldetik hamabost orduko korrikaldia egingo du Arkaitz Erize Kalu lezoarrak. Helburua bi elkarte horiek laguntzea, eta aldi berean, Markel Merino garun paralisia duen lezoarrari eta haren familiari bultzada ematea. Elkartasuna, termino horren esanahi zabalenean. Gaurko (ostirala) 22:00etan hasiko du erronka Erizek Gurutze Santuaren plazan, eta biharko (larunbata) 13:00etan bukatuko du Karlos Saldise plazan. Hamabost orduko ahalegina, elkartasuna, elkarlana eta emozioa Oarsoaldean zehar, Lezo epizentro. Lasai eguraldiarekin: gaur arratsaldean atertzera egingo du, eta bihar hala mantenduko da.
2015, 2016 eta 2017an antzeko erronkak egin zituen Erizek. Zazpi urteko etenaldiaren ostean behar bereziak dituzten haurren eta familien sostenguaren gaia erdigunera ekarri nahi izan dute Juneren Hegoak eta Markelen Irria elkarteek, korrikalariaren laguntzarekin. Uste dute itzali behar ez den gaia dela, eta aldian-aldian jendartera zabaldu behar dela ezagutarazteko, sostengua bilatzeko, eta haur gaixoek zein haien senideek behar duten babesa lortzeko.
Erronkak baditu mugarri edo ordutegi berezi batzuk, honakoak dira:
Gaur (ostirala)
- 20:00etan, Lezoko Gurutze Santuaren plazan, erronkaren aurkezpena eta pintxo-potea Jaixkipe txarangarekin.
- 22:00etan, erronkaren hasiera. Donibane aldera hasiko da lasterka Erize.
Bihar (larunbata)
- 10:30ean, korrikalaria Lezora helduko da, azken birari ekiteko. Txistulari eta erraldoiekin ongietorria izango da. Markel Merinoren pisua duen txalekoa hartuko du Erizek, eta Oarsoaldetik egin beharreko azken bira oinutsik hasiko du.
- 12:30ean, lasterkaria Lezora iritsiko da, eta herritik azken bira egingo du Markel Merinorekin.
Bihar (larunbata), erronkari lotutako beste hainbat ekitaldi jasoko ditu Lezok, denak Karlos Saldise plazan. Ondokoak dira:
- 11:30ean, txupinazoa eta ekitaldien hasiera.
- 11:30-14:00, haurrentzako jarduera eta jolasak.
- 12:30ean, lasterkaria Lezora iritsiko da, eta herritik azken bira egingo du Markel Merinorekin.
- 13:00etan, erronkaren bukaerako ekitaldia.
- 14:00etan, herri paellada. Txartelak unean bertan hartu behar dira. Hainbat zozketarako txartelak salgai izango dira. Batez ere, goi mailako kirolarien elastikoak zozketatuko dituzte, baita herriko establezimenduek emandako gai asko ere.
- 15:30-19:00, haurrentzako jarduera eta jolas gehiago.
- 16:30-19:00, DJ Euphoriaren emanaldia eta karaokea.
- 19:00etan, ekitaldien bukaera.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/06/erize-markel.png)
Erize, erronka prestatzeko lasterketa batean Markel Merinorekin.