770 kilo hondakin jaso dituzte Zubitxo eta Bekoerreka erreketatik
Hondakin gehienak eraikuntza materialekoak izan dira, 326 kilo denera. Ontzi arin eta plastiko asko ere jaso da.
Urzain taldeak herriguneko bi erreka garbitu ditu: Zubitxo eta Bekoerreka. Bien artean 770 kilo hondakin jaso direla jakinarazi du Lez0ko Udalak, askotarikoak: plastiko arinak, latak, paper zatiak, plastiko gogorrak, eraikuntza hondakinak, egur zatiak… Horiek guztiak sailkatu, balorizatu, eta Oiartzungo garbigunera eramanak izan dira birziklatzeko. “Garbiketa saio horrekin kutsatzaile plastikoek faunari eta landareriari eragindako kalteak murriztea lortu da, eta habitata hobetu da. Itsasora iristen diren hondakinak %90 murriztea eta kontrolatzea lortu da”, zehaztu du udalak.
Jasotako hondakinen zerrenda zehatza, honakoa: ontzi arinak, 31 kilo; inerteak eta plastiko gogorrak, 110 kilo; tamaina handiko altzari eta oihal ez birziklagarriak, 81 kilo; PCVa, 14 kilo; metala, 42 kilo; egurra, 78 kilo; beirazko 48 poto; papera eta kartoia, 3 kilo; arropa, 8 kilo; toallatxoak, 26 kilo; hondakin elektronikoak, 32 kilo; eraikuntza hondakinak, 326 kilo.