Hibaikako arraunlari guztiena izan da Kontxa
Gaurko estropadarako errotazio asko eginda, azkenean zortzigarren izan da Hibaika Kontxako Banderan.
Zortzigarren izan da Hibaikaren emakumeen trainerua 2024ko Kontxako Banderako sailkapen nagusian. Joan den asteko zazpigarren postua ezin izan dute mantendu gaurko bigarren jardunaldian Madalen ontziko arraunlariek. Azalpen erraz eta eder bat du horrek: joan den igandearekin alderatuta, errotazio asko egin ditu Iñaki Mendizabal entrenatzaileak, beraz, ohikoak ez diren arraunlariek defendatu dute herria urteko banderarik preziatuenaren bigarren igandean. Ez dute irabazi, urrun gelditu dira garaipenetik oreretarrak. Baina Hibaikako arraunlari guztiena izan da Kontxa. Emakume kirolari guztiena izan da munduko traineru estropada inportanteenean herria ordezkatzearen ohorea. Kontxan egotea, berez, garaipena izan baita herriko klubekoentzat, eta herritarrentzat. Ez baitute huts egin marea beltzeko kideek oraingoan ere. Han izan dira zaleak arraunlariei babes osoa ematen beste behin.
Kontsolazio txandan atera dira gaur beltzak, joan den asteko zazpigarren postuak hala esleituta. Hasieratik hasi dira segundoak galtzen laugarren kaletik. Estropada hasi aurretik jakina zen hori, sasoiko lehietan palada asko-asko emandakoak ez direlako eskifaiako arraunlariak. Baina hutsik iritsi dira helmugara Astilleroren (10.55), Chapelaren (10.59) eta Kaikuren (11.01) atzetik, 11.15ko denborarekin. Zazpigarren plaza galdu bai, baina ohorez itzuliko dira herrira atseden hartzera, gaurkoa klub erakustaldia izan delako.
Orain, atseden hartzea eta sasoiaren balorazioa egitea dagokie Hibaikako arraunlari zein agintariei. Iaztik aurtengora plantillan izandako aldaketak medio, esan daiteke sasoian lortutakoarekin asebete gelditu direla emakumeen traineruaren arduradunak, zein kirolariak. Ez baita nolanahikoa EuskoTren Liga iaz ez bezala lasai bukatzea, eta Kontxan izatea. Ziur 2025eko sasoian koska bat aurrera egingo duela Madalen traineruak.
Banderari dagokionez Arraun Lagunak izan da irabazle, gaurkoan ere irabazita. Hirugarren Kontxa egin dute bere donostiarrek, 2021ekoa eta 2023koa ere haienak izan zirelako. Juan Mari Etxabe oiartzuarrak beste Kontxa bat du bere palmareserako, enegarrena. Oarsoaldeko hainbat arraunlari ditu aurten ia garaitezina izan den traineruak.
2024ko Kontxako Bandera. Emakumeen sailkapen nagusia.
- 1. Arraun Lagunak 21.04.42
- 2. Donostiarra 21.25.08
- 3. Orio 21.25.72
- 4. Tolosaldea 21.26.60
- 5. Astillero 21.45.10
- 6. Chapela 21.56.08
- 7. Kaiku 22.02.00
- 8 Hibaika 22.17.14