Eroriko batek podiumetik kanpo utzi du Iñigo Iglesias
Azken itzulian izan du erorikoa Iglesiasek, beste pilotu batek desplazatu duenean. Sailkapen taulan hirugarren postuan da errenteriarra.
Eguraldia lagun, lasterketa bikaina egiteko aukera iragarri zuen larunbatean Iñigo Iglesias pilotu errenteriarraren talde teknikoak. Hamabigarrena zuen atzokoa Super Sport 300 Motoziklismoko M unduko txapelketak, eta itxaropen handia bazuten ere, ez zuen aukerarik izan errenteriarrak bere onena emateko. Beste pilotu batek eraginda, erorikoa izan zuen Iglesiasek eta ezin izan zuen puntuatu.
Bigarren itzulian, erorikoa izan zen eta hamar minutuz eten zuten lasterketa bidea garbitzeko. Lanak bukatuta, bigarren irteera horrek lasterketa buruan kokatu zuen errenteriarra. Puntuak eta podiuma lortzeko borroka gogorretik joan zen, eta azken itzulian, pilotuak esprinta jotzeko posiziorik onena bilatzen ari zirenean, beste pilotu batek desplazatu eta erorikoa izan du errenteriarrak eta aukera guztiak galdu podiuma egin eta puntuak poltsikoratzeko.
Munduko Txapelketaren sailkapenean ere ez zuen zorterik izan Iglesiasek. Zuzenekoenak dituen arerioek puntuazio bikaina lortu zuten atzoko proban eta behin behineko sailkapen taularen buruan posizioak sendotzen ari dira. Mahendra hirugarren sailkatu zen eta horrek sailkapen taularen lehen postura eraman zuen 164 punturekin. Veneman herbeheretarrak, berriz. laugarren bukatu zuen eta horrek sailkapen taularen bigarren postuan kokatu zuen 152 punturekin. Iglesias hirugarren da, 138 punturekin.
Etsipenez hartu zuen atzokoa pilotu errenteriarrak, izan ere, lan handia eginda, bere pilotajearekin zerikusirik ez duen arrazoi batek podiumetik kanpo utzi zuelako. Hala ere, oraindik ere, lidergo hori berreskuratzeko tartea badela diote errenteriarraren prestatzaileek, “bi proba eta lau lasterketa dira aurretik txapelketa bukatzeko, bera ongi aurkitzen da eta lortzeko lan egingo du”.
Datorren proba Aragoiko (Espainia) Motorland zirkuituan jokatuko dute hilaren 27tik 29ra.