«Itsasoak bide bat itxi zidan, eta beste bat zabaldu dit»
Itsasbazterrean egur zatiak hartu, eta arte bihurtzen ditu oiartzuarrak. Arte erabilgarria. Artisau izateko bideari istripu bat izan eta gero ekin zion.
Errenteria-Oreretako Erdiko kaleko 13. zenbakian dago Kromosoma tailerra. «Kafe bat nahi duzu?». Sartu eta berehala etxean bezala sentiarazten dute bisitaria Eva de Isla Ortegak eta Alberto Monroy Oscozek, egitasmoaren sortzaile eta gidariek. Egur usaina. Egurrezko jostailuak, dekoraziorako gaiak, eta bestelako asko egin eta saltzen dituzte han. Tailerra dute berpizten ari den Erdiguneko karrika horretan. Harro erakutsi du De Islak egin duten azkenetako lana, egurrez egindako garaikur bat. Haiekin da Aitor San Roman Fernandez (Oiartzun, 1972). Erakusketa jarri du han. Artisaua da. Lokalak berezko duen egur usainari, zur kutsu gehiago eman dio hark, itsasoaren usaineko egur zatiekin egindako askotariko tresnak, lanparak gehienak, erakusgai jarri dituelako han, erakusketaren detaile guztiak zaindu ditu. Oiartzuarra izan da HITZA Kromosomara joateko aitzakia. Bero-bero jaso du hedabidea. Gogoz da jendea hara sartu, eta azalpenak emateko, egiten duena zergatik eta nola egiten duen esateko. Istorio sakona du, ordea, San Romanek.
Zure lehenengo erakusketa da Kromosomakoa. Gogoz, ezta?
Aspaldi esan zidaten Kromosomakoek nire lanekin erakusketa jarri nahi zutela. Gainera, Atlantikaldia abian da, esan daiteke nahita jarri dugula data hauetarako erakusketa. Atlantikaldiaren oinarrietakoa da itsasoak lotzen dituen kulturen erakustoki izatea, eta nik itsasotik jasotzen ditudan makil eta egur zatiekin lan egiten dudanez, jaialdiarekin badu nolabaiteko harremana erakusketak. Nork daki nondik datozen egur zati horiek? Kromosomakoek ateak zabaldu dizkidate, eta eskerrak eman nahi dizkiet.
Zergatik lan egiten duzu itsasoak ekarritako egur zati eta makilekin?
Zazpi urte dira istripu bat izan nuela, larria. Donostiako Zurriolako hondartzan surf egiten ari nintzen, olatu txiki bat hartzera joan, hondar-banku bat jo, eta bat-batean olatua desagertu egin zen. Nire burua airean ikusi nuen. Erortzean kolpea bizkarrarekin jasotzen saiatu nintzen, baina buruan jaso nuen azkenean. Horren ondorioz ur azpian gelditu nintzen, tetraplegiko, ezin nintzen mugitu; lehen segundotik nabaritu nuen hori, ez nuelako konortea galdu. Hurrengo segundoan, baina, adrenalinak gora egin, eta uretatik ateratzeko zer egin behar nuen pentsatu nuen: urduritasuna gainetik kendu, eta nuen airea probestu behar nuela erabaki nuen. Zen erara gelditu nintzen itsasoan, lasai, norbait nire bila etortzeko zain. Iban Sistiaga lagunarekin batera etorri ziren sorosleak nire bila.
Azkenean ez nintzen tetraplegiko gelditu. Zortea izan nuen. Hezur-muina ez zen hautsi, kolpe handia jaso nuen bakarrik. Denborarekin dena bere lekura itzuli zen. Medikuak esan zidan sekulako zortea izan nuela. Normalena hiltzea, edo tetraplegiko gelditzea zela esan zidan, Superman [Christopher Reeve] bezala, doi-doi lepoa pixka bat mugitzeko aukerarekin. Bizitza aldatu zidan istripu horrek.
Bizitza aldaketa.
Istripua izan arte enpresa bat nuen, garbiketa enpresa bat. Beti lanean nenbilen, estres handiarekin, lan-karga izugarriarekin. Istripua izan nuen garaian buruan laino beltz antzeko bat nuen. Nazkatuta nengoen lanaren presioarekin. Istripua izan, eta laino hori joan zen. Ez da bueltatu.
Istripuaren ondorioz, baina, lana utzi behar. Eta orain, itsasoak kendu zizun hori, bueltatzen ari zaizu. Artisaua zara, eta itsasoko nahiz erreketako bazterretan hartzen dituzun materialekin egiten dituzu zure artelanak. Zergatik erabaki zenuen hori?
Istripuaren ondoren, errehabilitazioan nintzela, hondartzara ibiltzera eta arnas hartzera joaten nintzen. Lasai izaten nintzen han. Neguko egun batean hondartza makilez beteta ikusi nuen, itsasoak hara eramandakoak. Makil horiekin pare batetan estropezu egin, eta erori egin nintzen. Esan nuen: «Hemen hainbeste makil botata, eta inork ez ditu aprobetxatzen?». Egun horretan bertan makil batzuk hartu, eta horiekin sortzen hasi nintzen, lanparak eta bestelakoak egiten hasi nintzen. Lagunei oparitzen nizkien. Baina etxean esaten zidaten, oparitu baino, ea zergatik ez nituen saltzen. Horrela hasi nintzen artisautzan serioago, azoketara-eta joaten. Pandemiaren ondoren izan zen hori. Oiartzunen bizi naiz, eta etxearen azpialdeko garajea da nire tailerra.
Artisau, eta autonomo. Urrats handia da hori.
Gizarte honetan dena diruaren inguruan, zergen inguruan antolatua dago. Dirua ateratzeko sistema da, sistemak dirua behar du. Artisau izanda, postu batera gizarte segurantzako ikuskatzaile bat etorri, eta paperak eskatzen badizkizu, ataka larrian sartuko zara paper horiek ez badituzu. Hori pasa da: izan dira baserritarrak kaleko postuetan euren gaiak paperik gabe saltzen izan, eta sekulako isunak jaso dituztenak. Ez nago horrekin ados.
Oso zaila da artisautzan aurrera egitea. Zer esanik ez horretaz bizitzea. Administrazioak egin behar duena da hasten ari diren artisau horiei burua altxatzen lagundu, bultzada eman behar die. Jada egitekoa egonkortzen dutenenean bai, orduan egin edo eskatu behar dira paperak. Nik, zorionez, beste askatasun bat dut: dudan elbarritasunagatik pentsio bat dut, txikia.
Zer egiten duzu?
Marea biziak daudenean, enbaten ondoren, edo errekak hazita doazenean, motxila batekin eta sokarekin kostaldera joaten naiz egur zatien bila. Ez dut esango non hartzen ditudan. Galdetzen didate: «Eta zuk nondik hartzen dituzu egur zatiak?». Nik beste galdera batekin erantzuten diet: «Eta zuk onddoak?». Hau da, denok ditugu gure txokoak, gure sekretutxoak. Ez naiz urrunera joaten e! Inguruan hartzen ditut zatiak.
Baina ez dakizu egur zati horiek nongoak diren.
Hori ezin da jakin. Askotan hemengoak izan daitezkeenak azaltzen dira kostaldean. Baina ebano edo iroko zatiak ere etortzen dira, Afrikatik eta tropikoan dauden herrialdeetatik datoz horiek, oso gogorrak dira. Dena dela, zuraren gaineko ezagutza handiegirik ez dut. Baina mundutik datozen egur zati batzuk hemen bukatzen dute bere bidaia; beste askok bidaiarekin jarraitzen dute.
Lanparak, bitxiak, esekitokiak… Horiek egiten dituzu, besteak beste, biltzen dituzun egur zatiekin.
Giltzak zintzilikatzeko gailuak, edo kandelen euskarriak ere egiten ditut; orain bitxiekin hasi naiz, eraztunak, koilareak, belarritakoak… Denborarekin gauza berriak egiten zoaz. Jakin badakit egiten ditudanak ez direla jendearen bizitzan lehentasunezko gaiak, horregatik, eskaintza zabaltzen saiatzen naiz ahalik eta jende gehiagorengana hurbiltzeko.
Jasotzen ditudan egur zatiak askotan zurituta daude, eguzkiagatik. Hilabete asko eman dituzte itsasoan. Produktu bat eman, eta duten nortasuna ateratzen diet. Egurrak hartu, eta lehortzen hilabeteak uzten ditut. Orduan, ditudan beharren arabera bata edo bestea hartzen joaten naiz. Itsasebazterrean egur asko dago, ehunka zati; baina batzuk hartzen ditut, zerbait esaten didatenak hartzen ditut.
Zati horiek ez dituzu asko tratatzen. Duten izaera errespetatzen duzu.
Hori da. Justu-justu, lanparen kasuan, egur zatiari, enbor edo adar zati horri, azpialdea moztu egiten diot lurrean, apalean, edo mahaian jartzeko oinarri bat behar dutelako. Mimoz saiatzen naiz egurraren nortasuna azalerazten, baina besterik ez. Jendeak galdetzen dit ea zergatik ez dudan tailurik egiten zur zati horietan. Zertarako? Dauden bezala ongi daude.
Azoketan ibiltzen zara egiten dituzunak saltzen. Jendearekin hartu-eman zuzena gustuko al duzu?
Bai, bai. Gustura izaten naiz azoketan. Gainera, esan dezaket nire produktuek harrera ona dutela. Dena dela, azoketara ez naiz saltzera joaten bakarrik; noski, saltzen badut, hobe. Baina batez ere egiten dudana erakutsi nahi dut, jendeari, eta batez ere haurrei. Azalpenak ematea gustuko dut. Umeei esaten diet egur zatiak izaten direla itsasbazterrean, baina zoritxarrez plastiko zati asko-asko ikusten ditudala ere jakinarazten diet, kontzientzian eragiteko.
Pentsatzen al duzu egur zati bakoitzak izan dezakeen istorioan?
Asko ez, baina batzuetan bai. Adibidez, taula zati handi bat hartu, zuloak dituena, eta pentsatzen dut baserriren batekoa dela, edo beste batzuetan barkuren baten zati izan zela egur zati hori…
Artisau izatea eta hortik bizi ahal izatea konplikatua al da?
Oso. Egia da pandemia garaian, etxetik atera ezin zenean, jendea bere gauzatxoak egiten hasi zela etxean, gauza txikiak, bitxiak, motxilak… Baina jende gehiena paperik gabe dago. Batetik beste lanen bat duelako, edo besterik gabe, artisautzatik bizitzea zaila delako eta paperak-eta egitea eta autonomo bezala jartzea ez dielako merezi. Nire kasuan, artisau izatea bizitza proiektu bat da, eta horretan ari naiz buru-belarri.
Autonomo egin, eta aldundiaren erregistroan altan eman naiz. Horrekin aukera daukat aldundiak urtero artisauentzako ateratzen dituen laguntzetara iristeko; ez dute asko ematen, baina bada zerbait. Laguntzak badaude. Adibidez, autonomo izateko prozesuan Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntza izan nuen, eta eskertzekoa da eskualdean zerbitzu hori izatea. Horrela hasi nuen bidea.
Etxean, zer esaten dizute?
Pelma samarra naizela esaten didate [barrez]. Hasieran, nire seme-alabak eta bikotekidea nirekin etortzen ziren azoketara, horiek ikustera eta egun-pasa. Alta, nire postura hurbiltzen diren guztiak agurtzen ditut, eta denei azaltzen diet zer ikusten ari diren. Agian, azoka batean, ehun alditan esaten dut esaldi berbera. Jendearekin jolasean aritzea ere gustuko dut; ikusten dut nola datozen postura, zer ari diren begiratzen, eta amua botatzen diet azalduz zer den egiten dudana, itsasoko egur zatiekin egiten ditudala nire sorkuntzak… Uste dut hori esanda balizko bezeroei bonbilla atzekoa pizten diedala. Egur zati horiei bigarren bizitza bat ematen diet. Interesa sortarazten saiatzen naiz. Gero, postuan dudana erostea, beste gauza bat da.
Istripu aurreko Aitor, eta oraingoa ezberdina al da?
Pertsona berbera naiz. Orain bizimodu ezberdina daukat, jakina. Baina berbera naiz. Istripuaren aurretik, ezingo nuen imajinatu ere egingo hau egiten izango nintzatekeenik. Itsasoak bide bat itxi zidan, eta nahigabe edo nahita, beste bat zabaldu dit. Ez dit bide bat moztu. Gauza baten ondorioz, beste bide bat hasi dut. Lotura hori dut itsasoarekin.
Musikari ere bazara.
Baxua jotzen dut talde batean. Gazte garaian, No Toxic Pipe taldeko kide izan nintzen; pentsa, hemen nahiz Espainiako Estatuan ere kontzertu asko eman genituen. Chicagon diskoa grabatzera iritsi ginen. Hala, istripuaren ondorioz eskuetako behatzak uzkurtuta gelditu zitzaizkidan; horiek askatzeko, hamabost urte eta gero, baxua berriz ere jotzen hasi nintzen. Orain beste talde bat dugu, MK33. Oiartzungo Lezoti estudioan diskoa grabatzekoak gara!
Aitor San Romanen lanak zuzenean ezagutzeko aukera, haren Instagram atarian:
@kosta.itsas_egurrak.
Telefono zenbakia: 679 95 26 15.