Dardarka jarri dute Lezo
Herritarrek gogoz egin dute bat jaiarekin, jantzi beldurgarriak soinean, eta gauza bera egin dute Oroitzene eta Zabarrek ere
Beldurgarria eta ederra. Halakoa izan da Lezoko Gau Beltza. Dardarka jarri ditu lezoarrak, eta garai batean, baserri giroan Domu Santu egunaren bezperan egin ohi zuten modu berean ospatu dute arrats-gau partea. Herritar ugari ibili dira kalez kale, bazterrak izutzen.
Jaiak festatik du, noski, baina askoz ere sakonagoa da atzean dagoen lanketa antolatzaileek azaldu dutenez, “euskal ohiturak berreskuratu, komunitatea sortu eta euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen digu Gau Beltza festak”. Herritarrek gogoz egin zuten bat jaiarekin, jantzi beldurgarriak soinean, eta gauza bera egin zuten Oroitzene eta Zabarrek ere.
Atzean lan handia, eta antolatzaile mordoa, herritik herriarentzat egindako festa egi bihurtzeko: Hezikuntza Guraso Elkartea; Errota Guraso Elkartea; Lezo Herri Eskola; Pasaia-Lezo Lizeoa; Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkartea; Orratx! Antzerki Taldea; Oroitzene AEK; Trapujale Taldea; Gaxuxa Emakume Taldea; Lezoko Emakume Taldea; Kuadrillategi; Lezoko Udala; Aiton Borda; Murixka Dantza Taldea; Sutargi Abesbatza; Jaixkipe txaranga; Txerrimuño; Lezoko Ludoteka.
Ondoko bideoa eta argazkiak, Ager Arrieta Martikorena lezoarrak HITZAri helarazitakoak dira.