Borrokatzeak merezi duelako
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak pentsiodunek erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen proposamena izapidetzea onartu duela, baita aurreikusitako izapidetze prozedurak hastea ere.
Ez zuten zalantzarik, askotan esan dute, eta gaur enegarrenez errepikatu dute pentsiodunek: “Borrokatzeak merezi du”. Harro esan gainera. Izan ere, sei urtetik gorako borroka nekaezinak eman ditu fruituak, “gure irmotasunarekin lortu dugu kalte larria egiten ziguten erreforma batzuk indargabetzea,pentsioen sistema publikoaren aurkako eraso berriak saihestea, eta helburu berriak lortzeko beharrezkoa den ekimenari eustea”. Ez da gutxiagorako poza, gaur bertan jakin baitute Eusko Legebiltzarreko Mahaiak pentsiodunek erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen proposamena izapidetzea onartu duela, baita aurreikusitako izapidetze prozedurak hastea ere.
Gaurkoa, beraz, ospakizunerako eguna izan dute, aldarrikapena baztertu gabe. Lehenik, hileko lehen astelehenero mobilizatzen jarraitzen duten pertsona guztiei aitortza egin die Duintasunak, “borrokatzeak merezi du, eta horrela, horrela lortu ditugu aldarrikapen batzuk, eta horrela lortuko ditugu falta zaizkigunak ere. Elkarrekin lortuko dugu”.
“Positibotzat” jo du, halaber, Duintasunak EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak egin duten aurrekontu akordioa: “Zehaztasunik ezagutu gabe, gutxieneko pentsioak hamalau ordainsaritan 1.035 euroraino osatzen ditu-eta. Kopuru hori 1080 eurora igotzea aldarrikatzen ari gara duela sei urtetik. EAEko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak gure funtsezko aldarrikapenetako batekin konpromisoa har dezaten lortzeko ezinbesteko urratsa egin dugu: pentsiodunen gutxieneko diru sarrerak bermatzea, bizitza baldintza duinak izatea bermatzeko”.
Aldarrikapena justua bezain beharrezkoa dela gaineratu du pentsiodunen elkarteak: “Pentsioetan dagoen genero arrakala murriztu eta adineko pentsiodun bat, bizitza lanean eman ondoren, aitortua izan ala ez, duintasunez bizi ahal izatea ekarriko duena”.
Alderdi politikoei eskaera egin diete orain pentsiodunek; egin dezatela HEL Herri Ekimen Legegilearen alde, “hitzetatik ekintzetara pasa daitezela aldeko botoa emanda”. Argi dute, orain dela hori lortzeko unea, “Herri Ekimen Legegilea babesteko dozenaka mila sinadura Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartzen dugu, eta hori gizarte justu eta solidario bat eraiki nahi dugun langile, gazte, gizon eta emakume guztiekin egingo dugu”.
Honakoa, irabaziko duten bigarren “bataila handia” izango den segurtasun betea dute, “hori lortzeko lana eta konpromisoa gaurtik hasten da”.