68 milioi euroko aurrekontu proposamena "erronka estrategikoei" erantzuteko
Hiri berroneratzea, babes soziala indartzen jarraitzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kultura sustatzea dira erronka nagusiak.
Gobernu taldeak datorren urterako aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur. Aizpea Otaegi alkateak azaldu ditu zehatz mehatz proposamenaren ingurukoak, Eneko del Amo Ogasun zinegotzia eta Maite Gartzia alkateordearekin batera egindako agerraldian. 67,9 milioi euro; hori da proposatu duten diru kopurua 2025eko aurrekonturako. Azken urteetako logikari jarraitzen diola honakoak ere azaldu du alkateak, goranzko joerari eusten diola, eta 2024koarekin alderatuta 2,43 puntuko hazkundea izango duela.
Igoera hori, esku artean dituzten erronka handiei erantzuteko, eta agintaldi planean jasota, eta beraz, herritarrekin konprometitutako proiektuei erantzuteko baliatuko dutela esan du Otaegik: “Igoera hori aurreko urteetan baino txikiagoa izatea aurreikusi dugu; bi arrazoi daude horren atzean: batetik Foru Funtsetik jaso duguna aurreikusitakoa baino gutxiago izan da, eta hori da udalok dugun sarrera nagusia. 2025erako aurreikusi den igoera, 2,69koa da. Bestetik, Next funtsak bukatuko direla aurreikusia dago eta horrek ere eragina izan du”.
Aurrekontu proposamen “sendoa” dela egin dutena gaineratu du, “irabazten dugu gastu gaitasuna, ogasun munizipalaren edo udal baliabideen garapen positiboarengatik. Horrek erabateko lotura du azken plenoan onartu genituen ordenantza fiskalen logikarekin; guretzat helburu birbanatzailea dute”. Gastu gaitasuna irabaztearekin lotu du ere, hainbat proiektuk diru laguntza aurreikusia izatea.
Erronkak, ohikoak: Hiri berroneratzea, babes soziala indartzen jarraitzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kultura sustatzea, “gurean ardatz kohesionatzaile garrantzitsua delako”. Erronkaz erronka sakondu du ondoren, arlo bakoitzeko proiektu izarrak edo garrantzi handiagokoak zehaztuta. Hala, hiri berroneratzearekin lotuta irisgarritasunarekin eta mugikortasun bertikalarekin lotutako proiektuak aipatu ditu Otaegik. Zehazki, Pontika Luis Mariano eta Igantzirekin lotuko duen igogailua eraikiko du udalak eta horri begira, 700.000 euro aurreikusi dituzte 2025eko aurrekontuan “proiektu garrantzitsu honi” aurre egiteko.
Auzoak hobetzeko logikaren barruan garrantzi handiko proiektuak jaso dituztela gaineratu du alkateak: “Batetik, Beraun Planaren azken faseari helduko diogu eta horretarako ia 500.000 euro aurreikusi ditugu; eta bestetik, Galtzaraborda Plana abiatuko dugu. Abiatuko dugu plan hori Galtzarabordan haur eskola berri bat eraikita eta 300.000 euro aurreikusi ditugu horretarako”. Iztieta-Ondartxoko hiltegiaren berritzea aurreikusia dute, eta 800.000 euroko diru zatia aurreikusi dute horretarako. Argi esan du Otaegik; ez da nahikoa izango diru zati hori Iztieta-Ondartxoko eraikina eta inguruaren birgaitze osoa egiteko. Beste hainbat proiektu ere aurreikusi dituzte hiri berroneratzearen barruan: Gaztañoko B aldaparen proiektuaren idazketa abiatuko dute.
Kale garbiketa eta hondakinen bilketaren arloan ere igoera garrantzitsua izango dela azaldu du, “4 milioi euro bideratuko dira hurrengo urteko aurrekontuan horretara”.
Babes soziala indartu
Bigarren erronka nagusiarekin lotuta, babes soziala indartzearekin, hain zuzen ere, aurtengo aurrekontuarekin alderatuta %7,4ko igoera aurreikusi dutela azaldu du: “Begirada jarri dugu pertsona helduen hautatu ez duten bakardadearen estrategian, baita etxez etxeko zerbitzuan igoera garrantzitsua aurreikusi dugu. Ez hori bakarrik, Fini Rubio, adinekoei zuzendutako proiektua beraren idazketa egitea aurreikusi dugu. Apustu sendoa egin dugu hortaz, adinekoei begirako zerbitzu eta ekipamenduetan”.
Hirugarren erronkak, trantsizio ekologikoarekin lotutakoak izan du igoerarik handiena, “2024arekiko %25eko igoera aurreikusi dugu”. Arlo horretan hainbat ekintza aurreikusi dute: “Badaukagu konpromiso bat hartuta Ereñozun izan dugun zentral elektriko bati lotuta Urumea ibaiaren birgaitze ekologikoa egiteko. Bestetik, apustu sendoa dugu hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitzeko, eta horrekin lotuta dago edukiontzi berrietan egingo den inbertsioa, irisgarritasunean eta itxitura elektronikoa hobetzeko ahalegin sendoa eginda. Horretara, 500.000 euroko diru zatia bideratzea proposatu dugu”.
Energia aurrezteko logikaren bidetik jarraituko dutela ere esan du Otaegik, eta argiteria publikoaren Led-erako trantsizioari segida emango diotela. Gainera, 800.000 euro aurreikusi dituzte eremu berdeen sustapenerako, “sekulako garrantzia du honetan Barandiaran parkearen eraikuntza prozesuak berak”. Bestelako berdegunetan esku hartzea ere aurreikusi dute: Arramendi parkea, adibide.
Aparkaleku berri bat ere aurreikusi dute, Olibeten, Renferen geltoki ondoan, “gaur sinatuko da Espainaiko Estatuko Ministroen Kontseiluan milioi bat euro emango dizkiola Espainiako Gobernuak Errenteriako Udalari aparkaleku hori eraiki ahal izateko”. Aurreikusi dute, halaber, garraio publikorako laguntzak mantentzea.
Kulturaren esparrua da aipatu duen azkena. Horrek 3,6 puntuko igoera izango du 2025eko aurrekontu proposamen horren arabera, eta besteak beste, Altzateko Musikaren Ahotsaren Etxearen eraikuntza prozesua baiatzea. Lehenengo idazketa egingo dute, eta 400.000 euro aurreikusi dituzte proiektua garatzeko.
Oposizioaren eskutan
Aurrekontu proposamena oposizioko alderdi politikoen eskutan da, “pasa den ostegunean agiri guztiak jarri genituen haien eskura, eta atzo saio monografiko bat egin genuen, eta gobernu taldeko kide guztiek oposizioko alderdiei aurrekontua bere osotasunean aurkeztu zieten. Hemendik aurrera prest gaude oposizioaren proposamenak jasotzeko, ulertzen baitugu gure herriak dituen erronkak partekatuak direla”.
Datozen egunetan helduko direla proposamen horiek esan du Otaegik. Hurrengo plenoan—azaroko azken asteartean— aurrekontu proposamenaren gaineko eztabaida egingo dute.