Indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa, azaro osoan Lezon
Udalak eta herriko hainbat eragilek jarduerak antolatu dituzte Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira.
Lezoko Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, Azaroaren 25ari begirako egitaraua antolatu du. Indarkeria matxistaren kontrako aldarria hilabete osoan zehar zabalduko dute, hainbat ekintza eta ekitaldiren bitartez. “Herritarren kontzientziazioan eta elkartasun sareak indartzean” eragitea dute asmo jarduera sortarekin (behean zerrenda).
Herriko eragileek nabarmendu dute 2003tik, emakumeenganako indarkeria kasuak erregistratzen hasi zirenetik, Euskal Herrian 123 emakume eta 12 haur hil egin dituztela bortizkeria matxistaren ondorioz. Aurten bost dira hildako emakumeak. “Zenbaki hauek gizarte osoaren hausnarketa eta ekintza bateratua eskatzen dute”, nabarmendu du udalak.
Antolatutako ekitaldiak herritar orori zabalik direla adierazi dute herriko eragileek, eta hausnarketa nahiz elkartasuna sustatu nahi dituztela horiekin. sentsibilizazio lana jo du gakotzat udal erakundeak: “Lezok berriro berresten du biktimen ahotsa entzunarazteko eta indarkeriaren kontrako konpromisoa sendotzeko duen konpromisoa”.
Udalaz gain, honako eragileek parte hartu dute azaroko egitarauaren lanketan: Lezoko Emakume Korrikalarien Taldea, Gaxuxa Emakume Taldea, Iruntzen Lezoko Emakume Taldea, Kuadrillategi, eta Lezoko anbulatorioa.
- Hilak 9, larunbata. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, klown bertso saioa. Partaideak: Beatriz Egiazabal Ollokiegi, Alaia Martin Etxebeste, Maider Arregi Markuleta eta Miren Artetxe Sarasola.
- Hilaren 18tik 26ra. Zapata eta zapi gorriak jartzera deitu dute, herriko dendetan nahiz balkoietan
- Hilak 22, ostirala. 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Irantzu Varelaren bakarrizketa.
- Hilak 25, astelehena. 19:00etan, Bekoerrota kiroldegitik, Emakume Korrikalari Morea.
- Hilak 25, astelehena. 19:30etik, herrian barrena, kantu jira Sutargi abesbatzarekin.
- Azaroan zehar. Sentsibilizazio jarduerak Kuadrillategiren saioetan. Horrez gain, indarkeriaren kontrako gida banatuko dute herrian.