Mozorro bila ari dira
Errenteria-Orereta zertaz mozorrotuko den erabakitzeko prozesua zabaldu du Inauterietako Batzordeak.
Hasi dira dagoeneko inauteriekin pentsatzen, eta horren harira, lanean jarri nahi ditu Inauteri Batzordeak herritarrak. Egitekoa erraza, urterokoa: Herria zertaz mozorrotu aukeratzea. Izan ere, hautatzen duten mozorro hori izango baita denda, komertzio zein herritar taldeek baliatuko dutena 2025eko inauterietan.
Galdeketa jarri dute martxan horretarako, eta aukeran, sei gai: Musika taldeak, mitologia, superheroiak, Candy Party, tribu urbanoak, edo marrazki bizidunak. Botoak hilaren 16ra arte jasoko dituzte. Horretarako, Lekuona Fabrikan, udaletxean, eta Fanderia eta Galtzarabordako kiroldegietan kutxa bana jarri dute, eta bertan sartu beharko dituzte herritarrek boto orriak aukeratutako gaiarekin.
Botoak jaso eta zenbaketa egin ondoren, hilaren 27an jakinaraziko dute Inauteri Batzordeko kideek boto gehien jaso dituen gaia zein den.