Meipiko III. Babarrun Jana, hilaren 23an
Aurten, berritasun gisa, Meipiko I. Futbolin Txapelketa txertatu dute Babarrun Janaren egitarauan. Kanporaketa fasea hilaren 22an hasiko da.
Datorren larunbatean, hilak 23, Meipiko Jai Batzordeak eta Xantixa Elkarteak antolatutako III. Babarrun Jana egingo da Meipin. Donibanera bertaratzen direnek babarrunak sakramentuekin, postrea, ogia, edaria eta kafea dastatu ahal izango dituzte, hori baita antolatzaileek ondu duten menua. Bazkariaren ondoren, Asociación de afectados por deleción 1p36 elkartearen aldeko bingo solidarioa egingo da.
Bazkariko txartelen prezioa 20 eurokoa da, eta zenbateko horren barruan sartu dituzte bazkariko menua eta Ferreres arrandegiak emandako produktuen zozketan parte hartzeko txartel bat. Zozketa bazkarian parte hartzen dutenen artean egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek; hortaz, txartel hori aurkeztea ezinbestekoa izango da. Bazkariko txartelak Ganbaran, Juantxon, Meipin Pari Berrin eta Patxikun eskura daitezke. Haurrei dagokienean, antolakuntzak mahai tresnak, ogia eta edaria jarriko ditu haien eskura, eta gurasoek haurrentzako janaria eraman ahal izango dutela adierazi dute.
Aurten, berritasun gisa, Meipiko I. Futbolin Txapelketa txertatu dute Babarrun Janaren egitarauan. Txapelketa horretako kanporaketa fasea ostiralean (hilak 22) jokatuko da, 19:00etatik aurrera. Azken fasea, aldiz, larunbatean (hilak 23) lehiatuko da, 18:00etan hasita. Txapelketa adin guztientzat irekia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak, eta izen emateak Meipi tabernan egin behar dira, hilaren 21a baino lehen. Txapelketa bukatu ondoren, gainera, irabazleentzat sariak egongo direla zehaztu dute sustatzaileek. Eguna biribiltzeko, dantzaldia girotuko du DJ batek.
- 14:00etan: Babarrun jana.
- Ondoren, Asociación de afectados por deleción 1p36 elkartearen aldeko bingo solidarioa.
- 18:00etan: Meipiko I. Futbolin Txapelketaren azken fasea.
- Ondoren, dantzaldia eta DJa.