Indarrez hasi da Lezon energia komunitatea sortzeko prozesua
Asteleheneko lehen saioaren balorazio baikorra egin du Iratzerrik. Prozesuarekin abenduaren 2an jarraituko dute.
Lezoarrek baiezkoa eman diote herrian energia komunitatea sortzeko egitasmoari. Hala ondoriozta daiteke astelehenean egin zen topagunearen ikuspegitik. Izan ere, Iratzerrik eta udalak komunitate horren sorrerari begirako lehen saioa antolatu zuten astelehenerako, herritarren eta eragileen partaidetzarekin oso pozik azaldu da Iratzerri: “Urtean zehar lapikoa berotzeko egin dugun lanak eragin du berea, baina hau hasiera besterik ez da, eta orain arte bezala sua piztuta mantentzeko lanean ilusioz jarraituko dugula esan nahi genizueke”.
Egitasmoa aurkeztu, energia komunitateen izaeraren berri eman, eta herritarren ekarpenak jaso zituzten Kultura Aretoan egindako hastapeneko saioan. Gainera, egin beharreko hurrengo urratsak ere adostu zituzten: datorren bilkura abenduaren 2an egingo dute (astelehena da) 18:30ean hasita Kultura Aretoan.