"Guretzat oso ohikoa ez den sinbolo euskaldun bat hartu dut"
Atzo kaleratu zuen Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikari oiartzuarrak bere bigarren lan luzea: 'Belharra'. Diskoaz, sortze prozesuaz eta etorkizunaz aritu da artista.
Donibane Lohizune eta Hendaia artean sortzen den Belharra olatua bere egin du, metaforikoki, Aitor Bengoetxea Bengo musikari oiartzuarrak. Atzo argitaratu zuen abeslariak bere bigarren diskoa. Bederatzi kantu ditu albumak, eta ez du kolaboraziorik.
Bigarren diskoa kaleratu berri duzu. Nolakoa izan da prozesua?
Albuma argitaratu baino lehen hiru aurrerapen kanta atera genituen, bakoitza bere bideokliparekin, eta horiekin pixka bat aurreratu genuen diskoa nondik joango zen. Urte eta erdi egon gara diskoa egiten, eta uste dut lan zintzo bat dela. Julen Aduriz ekoizle eta lagunak eta biok landu dugu diskoa, eta lanak biltzen ditu azken urte hauetako zenbait momentu. Egin nahi genuena diskoan dago, eta oso pozik geratu gara emaitzarekin.
Aipatu behar dut sortu dugun irudien atmosfera guztia Rita Gratacosek egin duela. Bartzelonako lagun bat da.
‘Belharra’ du izena diskoak. Nolatan?
Donibane Lohizune eta Hendaia artean sortzen den olatu bat da Belharra. Ez da ohiko olatu bat; azaro-abendu aldean sortzen da, neguan, eta hamabost edo hogei metro izaten ditu. Sinbolo euskaldun bat hartu nahi nuen, baina guretzat oso ohikoa ez dena, lauburu bat bezala.
Olatua niretzat mugimendua da. Sentitzen nuen bai pertsonalki bai artistikoki ere zerbait berezia zetorrela. Artistikoki sentitzen nuen inspiratua nintzela eta olatu moduko bat zetorrela nigana. Metafora bat da; olatua hartu edo olatua uztea ziren aukerak, eta nik hartu egin dut.
Zer da diskoan kontatu nahi duzuna?
Elkarlanik gabeko disko bat egin nahi nuen. Ikusi nahi nuen niretzat zer den Bengo proiektuaren soinua. Bederatzi abestiko lana da, eta azken abestia bonus track bat da, hau da, musikalki diskoarekin zerikusi handirik ez duen abesti bat. Rap estiloko diskoetan egiten den zerbait da hau. Hala ere, abestiek badute antzekotasuna beraien artean.
Musikalki zer aurkituko du entzuleak diskoan?
Zaila da etiketatzea. Diskoan kanta poperoak daude, urbanoago direnak ere bai… Baina zerbait esatearren, pop urbanoko diskoa dela esango nuke.
Soinu eta estilo aldetik izan duzu eboluziorik lehen diskotik hona?
Bizirik albuma baino gehiago mixtape bat zen; kantuak hartu eta album batean sartu. Zortzi single ziren; ez zeukan lanak ildo bat ezta jarraipen bat ere.
Disko honetan ez dugu horrelakorik egin. Posible da beste artista batzuekin elkarlanak egin eta diskoan sartzea, baina nik ez dut hori egin nahi izan oraingoan. Diskoak zentzu eta soinu bat izatea nahi nuen.
Zerk inspiratzen zaitu?
Normalean nire bizipenek inspiratzen naute. Baina gertatu izan zait lagunen batekin hitz egin, berak bere pasarte edo istorio bat kontatu, eta nik hori inspirazio iturri gisa hartu eta moldaketa batzuk eginda kanta bat sortzea. Ehuneko handi batean, ordea, nire bizipenak dira. Beti jolas daiteke ispiluarekin eta errealitatearekin.
Noizean behin pentsatu dut, “agian letra honetan zintzoegia izan naiz”, edo “argiegi esan dut zer den”, baina hori ere polita da. Polita da kontatzea norberaren istorio bat, den bezalakoa. Gainera, horrela errazagoa izan daiteke jendearengana iristea.
Kantu kuttunik baduzu?
Betiko galdera da hau [barrez]; zaila da. Esango nuke momentuak daudela. Momentu batean kantu bat nahiago izan dut, eta gero agian beste bat. Egunaren arabera ere izaten da hori. Esate baterako, goizean lanera bidean zoazela kanta bat datorkizu gogora, baina gauean agian nahiago duzu beste bat.
Esango nuke, eta hau %100ean egia da, kanta bakoitzarekin oso gustura geratu naizela. Bederatzi kantuak ditut bihotzean. Diskoan ez dago abesti betegarririk.
Izan duzu erronkarik produkzioan?
Egia esan oso eroso egon naiz. Gainera Julen [Aduriz] bera ere zuzenekoetako bandako gitarra jolea da. Ondoan bizi gara eta beti gaude kontaktuan; horrek naturala egin du proiektua. Lokal txiki batean egin dugu dena, Oiartzunen. Ondorioz, konposizio guztia elkarrekin egin dugu. Behin bozeto horiek egin genituenean edo diskoak forma bat zuenean Gaztain estudioetara eraman genuen, Eñaut Gaztañagarengana, eta berak egin digu nahasketa eta masterizazio prozesua. Egia da, hala ere, ahots guztiak nire etxeko logelan daudela grabatuta, eta gitarrak eta bestelakoak ere normalean guk grabatzen ditugula. Eñautek soinua hobetu du.
Kontzertuak ere iragarri dituzu.
Ilusio handiarekin nago. Berezia da kontzertuak iragartzea, aretoak alokatzea eta sarreren salmentaren aurrean jendearen erantzuna itxarotea. Madril eta Bartzelona bezalako hiriburu handiak ere badaude biran, eta probatzera goaz horietara. Hala ere, esandakoa: gogotsu gaude diskoaren soinua zuzenean erakusteko eta defendatzeko. Gauza politak gertatu eta bizitzeko ilusio handiarekin nago.
Zuzenekoetan berritasunik al dago?
Bai, badaude, baina ezin dut gehiago esan. Iruditzen zait disko honek soinu ezberdin bat duela, eta soinu hori zuzenekoetara eramaten saiatuko gara. Zuzeneko ezberdinetara ere moldatuko gara; ez da berdina areto batean arratsaldeko zortzietan jotzea eta sarrera erosi duen jendearen aurrean jotzea, edo txosna batzuetan goizeko ordu bietan jotzea. Horretan gabiltza orain, kontzertuak publiko guztietara moldatzen.
Estudioko lana ala zuzenekoak dituzu nahiago?
Duela lau urte esango nizuke estudioko lana nuela nahiago, lokalean egoteko une hori zure buruarekin edo lagunekin kantak sortzen. Baina gaur egun sortu dugu lantalde izugarri bat, eta kontzertuetan esperientzia minimo bat ere badugu hor egoteko ezerezean pentsatzen eta energia moduko bat sortzen publikoarekin. Orain esan dezaket biek dutela alde on edo polita, eta ez direla konparagarriak. Bietan ari naiz gozatzen, bai konposatzeko garaian baita oholtza gainean ere.
Oiartzuarrez abesten duzu.
Guk musika urbanoan izan ditugun erreferente gehienak estatu mailakoak edo nazioartekoak izan dira. Bakoitzak kaleko hizkuntza dauka, eta niretzat oiartzuarra izanda musika urbanoa batuan egitea ez da naturala. Euskalki bakoitzak bere xarma du, eta gero eta euskalki gehiago izan, orduan eta aberastasun handiagoa du hizkuntzak. Beraz, esandakoa. Oiartzuarrez egitera nago ohituta, eta iruditzen zait mezua zuzenago iristen dela horrela.
Euskaraldiaren enbaxadore izango zara aurten. Nola sentitzen zara horren aurrean?
Proposamena jaso nuenean ilusio handia egin zidan. Harrotasun puntu bat eman zidan nigan pentsatu izanak horrelako iniziatiba indartsu baterako.