Iñigo Iglesias, Triumph-era
Triumph Germany Supersport Racing-ekin fitxatu du Iglesiasek, eta 2025ean Alemaniako IDM txapelketan parte hartuko du.
Aro berria Iñigo Iglesias Bravo motor gidari errenteriarrarentzat. Batetik, bere kirol ibilbidean bidelagun izango duen motorra ezberdina izango da bai markari, zein zilindradari dagokionez: Triumph Germany Supersport Racing-ekin fitxatu du Iglesiasek, eta gainera, 600 zentimetro kuboko makina izango du lehiatzeko, orain artekoa baino indartsuagoa. Hala, 2025ean IDM Alemaniako txapelketan izango da lehian, baina ziurrenik Superbike modalitateko Munduko Txapelketako probaren batean ere parte hartuko du.
“Erabakiak hartzeko garaia zen”, esan du Iglesiasek, “nire kirol ibilbideak aurrera egin behar zuen ezinbestean. Argi nuen talde batean egon nahi nuela, ilusioa piztu didan egitasmo bat aurkeztu didate, eta haiekin bat egin dut”. 2023an irabazi zuen IDM txapelketa, ezagutzen du, beraz. Hala, helburuez hitz egiterakoan, handira jo du motor gidariak: “Izango dudan motorraren ezaugarriak hobetzen saiatuko naiz, eta txapelketaren lider izaten saiatuko naiz. Nigan konfiantza handia jarri dute”.
Osatze fasean da Iglesias. Jerezko (Andaluzia, Espainia) zirkuituan urrian izan zuen istripuaren eraginez orkatila hautsi zuen, baina ziur da 2025eko sasoirako prest izanen dela. Urtarrilaren 10ean egingo dute Triumph Germany Supersport Racing-eko kideek taldearen aurkezpena. Han izango da Iglesias.