Juanje Neira: "Sekulakoa izan da. Oso hunkituta nago. Zoriontsu"
Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolak izen berria du: Juanje Neirarena. Horrela, egindako lan nekaezina aitortu diote trintxerpetarrari.
Hunkituta. Pozik. Zoriontsu. Hala sentitzen da Juanje Neira trintxerpetarra. Barrutiko eta Pasaiako kulturaren eta musikaren alde lan nekaezinean izan da dozenaka eta dozenaka urtez. Ahalegin horren guztiaren ordainaren zati bat atzo jaso zuen, ezustean: Santa Zezilia egunaren harira Trintxerpen egindako kalebuelta handia haren omenezkoa izan zen, nahiz eta Neirak berak ez jakin hura goratzeko ekitaldia zenik. Kalejirak bidea bukatutakoan iritsi zen emoziorako txanda: espero ez zuen omenaldia. Horren oinarrian, Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren izena harena izatea. Herriaren kultur formazioaren epizentroak Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskola izena du orain, Pasaiako Udalak hala erabakita eta atzo ofizialki berretsita. “Sekulakoa izan zen atzokoa. Oso hunkituta nago. Zoriontsu.”; ekitaldi horren biharamunean Neirarekin hitz egin du HITZAk. Horiek esan dituen lehen hitza izan dira.
Neirak ez zekien deus ere. Trintxerpeko kaleak arratsaldean musikatu zituzten 300 lagunetako askok bai. Konplize askoko kalejira izan zen, alaitsua, doinuz betea, askotariko koloretakoa, irribarrez beterikoa, eta oso handia. Musikari eta abeslari asko, gazteak eta adinekoak, garai batean edo bestean denak herriko musika eskolan hezitakoak. Emozioak bukaeran iritsi ziren, kalejira Andonaegiko jauregira iritsi, eta Neirak nahiz konplize guztiek aurrez aurre bertan atondutako agertokia topatu zutenean. Aitortza ezin sinetsi da Neira: “Sorpresa handia izan zen atzokoa. Lagunak, senitartekoak, musika eskolako kideak, udaleko ordezkariak, pasaitarrak oro har nire alboan… Dena izugarri ederra. Oso pozik nago. Ez nuen espero, eta zinez eskertzekoa da egin dutena”.
Andonaegiko ekitaldian Joxean Llorente musikariak Neiaren bizitzaren eta lorpenen errepasoa egin zuen, haren konpromiso nekaezina nabarmendu zuen, eta komunitatean izan duen eragina aitortu zuen. Teo Alberro alkatea Trintxerpeko nortasun kulturalean Neirak izan duen eraginaz mintzo zen, eta esan zuen herriko musikaren bilguneak aurrerantzean haren izena eramatea eskertza eta aitortza adierazpena dela, “eraiki duzun ondarea da. Modu honetan ziurtatu nahi dugu herri honetan bizirik jarraituko duela musikarekiko duzun grina horrek”.
Aurrera jarraitzeko grina hori oraindik ere baduela berretsi du Neirak. “Urte asko egin ditut lanean. Egindakoa egina dago. Baina lanean segitzeko gogoz nago, ahal bada traba handirik egin gabe. Garaiak, formak, egiteko moduak aldatu dira, baina enbarazu asko egin gabe bada ere, lanean jarraitu nahi dut, nire hondar alea jartzen segi nahi dut. Uste dut dudan esperientziak balioa duela, eta beti da beharrezkoa lanerako prest dagoen jendea izatea”.
1964raino joan behar da Juanje Neirak herrirako sortu duen ondarearen hastapenak ulertzeko. Orduko hartan hasi zen musika irakasle Trintxerpen, eta 1990ean Pasaia Musikal Fundazio Publikoa sortu zenekoan hura izan zen horren bultzatzaileetakoa. Arrasoa utzi du trintxerpetarrak, orain, herriaren izendegian betikotuko dena. Izena duena existitzen baita.
Jarraian, atzo bizitakoen berri ematen duen argazki sorta, HITZAk Pasaiako Udalaren bitartez eskuratutakoak.