Haurrak eta helduak, 'Mater' ontzian historiaz janzten
Atzo, baxurako arrantzaren iraganaren berri izan zuten HITZAren Igandean Historiaz Jantzi egitasmoko bisita gidatuan izan zirenek.
Irungo Oiasso Museo Erromatarreko lehenaren ondoren, atzo bigarrena. OARSO BIDASOKO HITZAren Igandean Historiaz Jantzi bisita gidatuen egitasmoaren saioa izan zen izan zen atzo, zehazki, bertan izan ziren kideek San Pedron dagoen Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren nondik norako den-denak jakin ahal izan zituzten. Haurrak eta helduak, denak pozik, asebeteta. Ederra izan zen goiz haizetsua. Mater-eko eskifaiako kide Markel Elizaldek esandakoak adi-adi entzun zituzten denek.
Mater ontziaren jatorria, baxurako arrantza, Prestige petrolio ontziaren hondamendian izan zuen zeregina, ia-ia hondoratu zutela, egun itsas zaintzarako eta babeserako tresna dela eta bestelako asko izan zituen hizpide Elizaldek. Arrantzarako tekniken berri ere eman zien bisitariei. Nola ez, Mater-en barrunbeak xehe-xehe ezagutu zituzten denek. Bisita gidatu aparta izan zen.
Igandean Historiaz Jantzi HITZAkideei eta HITZAren harpidedunei begirakoa da. Tokiko euskarazko hedabidea babesten dutenek, ordainean abantailak ere dituztelako. Hala, hurrengo bisita gidatua Errenteria-Oreretako Jantziaren zentrora egingo dena izango da. Gorde data, eta eman izena: abenduaren 15ean, nola ez igandearekin, izango da 12:00etan hasita.
Jarraian, atzoko jardueraren hainbat irudi.