Jaizkibelgo su ebakia, Lezoko emakumeena
Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak Jaizkibelgo su ebakira mendi ibilaldi gidatua antolatu du hilaren 30erako. Oinez zein lasai korrika egin daiteke.
Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak emakumeentzako mendi ibilaldi gidatua antolatu du hilaren 30erako (larunbaterako). Ibilbidearen jopuntua Jaizkibelgo su ebakia izango da, eta gidaria Maddi Market. Gurutze Santuaren plazan elkartuko dira bidea egin nahi dutenak, bi aukerarekin: 08:30ean bidea oinez egin nahi dutenek hasiko dute irteera, eta 09:30ean ekingo diote mendiko ibilbideari trostan ibiliko direnek. “Su ebakia igotzeko prest?”, galdetu die Iruntzenek herriko emakumeei. Behin mendibuelta eginda, hamaiketako oparoa egingo dute zain Tiñelu elkartean, solasean, esperientziak trukatzen eta elkar zaintzen diren bitartean.
Kirola, natura, aisia eta zaintza kolektiboa uztartuko dituzte jardueraren bitartez, ibilian zein lasterka. Adin tarterik ez da irteera gidaturako, emakume orori egin dio gonbita Iruntzenek. “Inongo presiorik gabe eta beste parte hartzaileen babesarekin, espazio seguru batean” egingo dute bidea: “Anima zaitezte, bakarka edo lagunekin”.