Alaia Martin, finalera
Zarauzko finalerdia irabazita, zuzenean sailkatu da oiartzuarra Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalera.
Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalean da Alaia Martin Etxebeste. Zarautzen atzo jokatutako finalerdia irabazi zuen, beraz, abenduaren 14an Donostian izango den finalerako zuzeneko pasea lortu du; oraingoz finaleko oholtzakide Beñat Gaztelumendi Arandia du oiartzuarrak, añorgarrak hark parte hartu zuen finalerdia irabazi zuelako joan den asteburuan Oiartzunen. Hirugarren eta azken finalaurrekoa datorren igandean (hilaren 1ean) egingo dute Arrasaten.
Aritzbatalde kiroldegian 1.400 bertsozale bildu ziren atzokoan. Halako jendetzaren aurrean handi izan zen Martin. Puntuazio aldetik, esan daiteke dezenteko erraztasunarekin egin zuela lehen postua bere (544,5 puntu lortu zituen), bigarren izan zen Eneritz Artetxe Manterolari 25 puntuko aldea atera ziolako. Haren atzetik hirugarren izan zen Aner Peritz Manterola, 512 puntu eskuratuta. Laugarrenetik seigarrenerako postuak, hurrenez hurren, Unai Mendizabal Jauregik, Amaia Iturriotz Etxanizek, eta Emeko Araiztegi Agirrek bete zituzten.
Azken finalerdia Arrasatekoa da. Horren ondoren jakingo da zein sei bertsolarik lagunduko dituzten Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi Donostiako finalean.