'Pausoz pauso', haurren obesitateari aurre egiteko
2011n sortu zuen programa Osakidetzako nutrizionista eta pediatra talde batek, eta aurtengo urrian heldu da Errenteria-Oreretara.
Haurren obesitateari aurre egiteko lanean hasi dira Errenteriako Udala eta Osakidetza. Nutrizionista eta pediatra talde batek Pausoz pauso programa ondu zuten 2011n helburu horrekin, eta programa horrek berak lur hartu du orain udalerrian, eta urriaz geroztik ari dira lanean gehiegizko pisua edota obesitatearekin arazoak dituzten 9-13 urte arteko haurrekin. Xehetasun guztiak Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta programan ari diren Amaia Perales dietista nutrizionistak, eta Irene Ozkoidi Osakidetzako pediatrak.
Programa gehiegizko pisua tratatu eta batez ere etorkizunean izan ditzakeen ondorioak saihesteko programa dela azaldu du Graciak: “Denak gara kontziente gero eta dimentsio handiagoko arazo publiko bihurtzen ari dela”. Bi ezaugarri nabarmendu ditu udal ordezkariak, “integrala eta nahikoa intentsiboa dela. Integrala obesitatearen inguruko hainbat alderdi lantzen dituelako: kirola, emozionaltasuna, errefortzu positiboa, eta horri esker lortzen ditu akreditatutako emaitzak”. Intentsibitateaz ere hitz egin du, eta azaldu du bi fase dituela programak: batean interbentzioak astero egiten dira, taldean; bigarrenean, jarraipena egiten dute.
Urriaz geroztik 12 familiako talde batekin ari dira lanean programaren barruan. Identifikazio lana, berriz, Osakidetzako Iztieta eta Beraungo anbulatorioetan, “bertan pediatrek identifikatzen dituztenak bideratzen dituzte Pausoz pauso programara”.
OME Osasunaren Munduko Erakundeak epidemiatzat jo zuela obesitatea jarri du mahai gainean Ozkoidik, “gaitz zerebrobaskularrekin, bihotzekoekin edota diabetesarekin inplikazio zuzen-zuzena du, eta kasu askotan haurtzaroan hasten da”. Horregatik dela hain garrantzitsua adin horretan eragitea gaineratu du, “itzulgarria delako oraindik. Jakin badakigu obesitatea duten haur eta nerabeak heldu obesoak izango direla etorkizunean eta orduan zailagoa izango dela eragitea”.
Arazoaren larritasuna datuekin erakutsi du Ozkoidik. Hala, haurren %30 gehiegizko pisua du eta 10etik 1ek, obesitatea. “Ikerketak badira, baina ez da eragiten edo arazoari aurre egiteko baliogarria den interbentziorik”. Gakoa, ohiturak aldatzea da. Argi esan dute Ozkoidik eta Peralesek, “parte hartzen dutenek programan pisua galtzen dute ohitura osasungarriak dituztelako”. Programa martxan jarri zutenean bi pediatra eta bi nutrizionista ari zirela ekarri du gogora Ozkoidik, “gaur egun lau pediatra eta bi nutrizionista ari gara”.
Programan familiak hartzen du parte ez obesitatea edo gehiegizko pisua duen haurrak bakarrik: “Elikaduran eragiten dugu, baina ez da dieta egiteko programa bat, ongi jateko eta oinarrizkoa den ariketa fisikoa egiten ikasteko eta ohitura osasungarriak sortzeko programa baizik”. Hori horrela, batetik bestera oinez joateko ohitura sustatzen dute, edota eskailerak igotzekoa eta parkean jolastekoa.
Programak denera 18 orduko esku hartzea du, “probatuta dagoelako ohitura aldaketan eragiteko gutxieneko bat behar delako”. Programa gainera, doakoa da, eta herritar denentzat irisgarria hortaz. Programarako sarbidea beti pediatraren bidez egiten da, “ondoren jarraipena ere egin beharra dagoelako”.
Eragiten ari diren 9-13 urte horien artean hiperkolesterolemia, gibel gantzatsu, eta hipertentsioa izan dezaketela obesitatea dutelako azaldu du Peralesek. Adin tarte hori aukeratzeko arrazoien atzean, pediatrian 13 urtera arte artatzen dituztelako da, baina baita Ozkoidik nabarmen jarri duenaren arabera, “eragiteko egokiena den adin tartea delako. Bederatzi urte baino gutxiagorekin ere zaila da elkarlana bideratzea programaren bidez”.
Informazio gehiago nahi duten familiek Iztieta eta Beraungo anbulatorioetako pediatria taldeetara jo dezakete, horiek baitira sarbidea programara, baita posta elektronikora idatzita ere (egin klik hemen).