'Kanpora sartzen' antzezlana, euskaltegietako ikasleentzat
Txalo antzerki taldeak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, eskainiko du obra goizez eta arratsaldez Niessen aretoan.
Askotarikoak dira Euskararen Egunaren harira Oarsoaldeko herrietan antolatu direnak. Egun horren aurretik eta ondoren hainbat ekitaldi izango dira. Horietako bat euskaltegietako ikasleei begirakoa da. Txalo antzerki konpainiak Kanpora sartzen antzezlana eskainiko die, Euskararen Egunean (abenduaren 3an), euskara ikasten ari direnei. Errenteria-Oreretako Niessen aretoak jasoko du antzezlana, bitan gainera: 10:00etan goizeko ikasleentzat, eta 17:15ean arratsaldekoentzat. Mintzagun egitasmoaren barruko jarduera da. Edonola ere, euskaltegietako ikasleek Niessengo besaulkiak beteko ez balituzte, herritarrei zabalik da hara joateko aukera, doan: libre leudekeen tokiak eskuratzeko baliatu esteka hau.
Hiesaren gaia jorratzen du Kanpora sartzen-ek, esperientzia pertsonal batetik abiatuta. Gaia gordina izanagatik ere, umorerik ez da falta obra. Xabin Fernandez eta Intza Alkain dira aktoreak.