'Urraketak argira' eramango ditu Giza Eskubideen Jardunaldiak
Abenduaren 2tik 15era egingo dituzte jardunaldiak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Hamargarren ekitaldia izango da, eta gaur aurkeztu dituzte antolatutakoak.
Errenteriako Udalak antolatzen dituen Giza Eskubideen Jardunaldien hamargarren ekitaldia aurkeztu dute gaur. Itsaso Cruz, Kultura aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak azaldu du jardunaldiek helburu dutela giza eskubideen urraketak salatzea, “horretarako, baina, beharrezkoa da lehenik ikusaraztea, eta hortik dator aurten aukeratu dugun leloa, Urraketak argira”. Horretarako, askotariko ekintza sorta antolatu dute, zabala bezain aberatsa den egitaraua, abenduaren 2tik 12ra: jarduera artistikoak, erakusketa, solasaldiak, eta bereziki, literatura eta ikus entzunezko emanaldiak”·
Maria de Frutos arloko udal teknikariak azaldu duenez, jardunaldien barruan protagonista izango dira gerren biktimak, batik bat haurrak, eta palestinarrak; klima aldaketaren ondorioak eta bereziki jasaten dituzten komunitateak; baita zaurgarritasun egoeran bizi diren pertsonak ere. “Oro har, gizakiak berak eta gizarteak eragindako suntsipen eta basakeriaren ondorioz egoera zaurgarrietan dauden pertsonengan jarriko dugu begirada, eta esna bezala, haiek pairatzen dituzten urraketak argitara aterako ditugu”, esan du teknikariak. Jardunaldien kartelari ere egin dio erreferentzia eta aipatu Maite Rosende artistak, egileak, pertsonen eta planeta zaintzeko beharraren arteko harmonia sinbolizatu duela aurtengo irudian: “Sorkuntza eta suntsiketaren arteko dualtasuna islatzen du, ingurune eta gizarte anitz eta orekatu bat aldarrikatuz, guztiaren argitzaile izango den eguzkia hartuta”.
Programazioa Naroa Galdos ataleko dinamizatzaileak azaldu du xehe. Jardunaldiak Indusen ibaibideak erakusketarekin zabalduko dituzte. Xenpelar Etxeak hartuko du Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoaren lana. Bertan, Pakistango erradiografia soziala egin du, klima aldaketak tokian tokiko geruza sozialetan eragiten duen ondorio kate luzea erakusteko. Pakistan iparraldetik hegoaldera zeharkatu du Indus Ibaiaren ubideei segika.
Mariezkurrena bera sakonago aritu da elkarrizketaren gainean gaurko agerraldian. Eskertu egin du erakusketari leku egin izana, “izan ere kazetarion lanak ez du zentzurik ez bazaio gero egiten dugun horri plaza bat ematen”. Bertatik bertara jasotako testigantzak, ahotsak bildu ditu kazetariak, “kontrastatutako informazioarekin egindako lana da eta fokua jartzen du klima aldaketak Pakistanen eragiten dituen epe ertain-luzeko ondorioetan. Berriki ikusi dugu zer gertatu den Mediterraneo aldean eta beldurtu gara; badirudi urruti gertatzen denarekin ez garela konturatzen, distantziak baduelako halako anestesia efektu bat, baina, garapen bidean diren herrialde askotan urteak daramatzate krisi klimatikoaren ondorioak jasaten, eta dagoeneko agertu dira hondamendi naturalen ondoriozko beste kontu asko gizarte egiturei eta harremanei eragiten dietena”.
Azken hori da zehazki kazetariak bildu duena bere lanera; genero ikuspegia zehar lerroa dela ere esan du, “ondorio horiek badituztelako forma oso zehatzak emakumeen bizitzengan: derrigortutako ezkontza, sexu langileen kontrako oldarraldia, fundamentalismoak…”. Bere lanak “kontzientziak astintzeko” balio dezan espero duela esan du kazetariak, “krisi klimatikoa kontu globala delako eta kontzientziazioak ere behar duelako globala izan; nahiz eta urruti gertatu, gertatzen ari da gure planeta honetan eta ezin dugu beste alde batera begiratu.
Gerra eta gerraren biktimak erdigunera
Gerra eta gerraren biktimak, literaturatik tiraka sortutako bi jardueren bidez ekarriko dituzte gogora. Klera proiektuaren interpretazio artistikoa izango da haur eta familiei zuzenduta bereziki. Zuzeneko emanaldian, literatura, musika, dantza eta ikus entzunezkoak baliatuko dituzte umeek gerra nola bizi duten erakusteko. Agertokian ariko dira Kukai Dantzako Alain Maya eta Ibon Huarte, baita Maite Larburu ere. Niessen Kulturgunean izango da abenduaren 4an, 18:00etan. Sarrera doakoa da baina gonbidapena beharko da aforo kontuengatik.
Gerraren gainen hausnartzen jarraituko dutela azaldu du Galdosek gerra doluak solasaldi irekiarekin, liburuetatik abiatuta.Naroa Martinez eta Sihara Nuñorekin solasteko aukera izango da lekuona Fabrikaren Plaza horian abenduaren 6an, 18:30ean.
Ikuskizun batek hartuko du jardunaldien lekukoa, Amazonia gara (abenduaren 12an, lekuona Fabrikako Sorlekuan). Ikuskizunerako gonbidapenak agortuta daudela jakinarazi dute. Antzezlan horretan Euskal Herriko Iratitik Ameriketako Amazoniara joango dira Porrotx eta Marimotots, eta zuhaitzez zuhaitz egingo duten bidaia kontatu eta kantatuko dute. Literaturarekin lotura zuzena duela ikuskizunak azaldu du Galdosek, Ez gara Jaitsiko! ipuinetik sortua baita, “ikuskizunaren atzean asteetako lana izan da herriko ikastetxeetako LHko lehen zikloko irakasle eta ikasleekin. Giza eskubideen gaia lantzen aritu dira Alboan Fundazioa bidelagun zutela, eta abenduaren 12an goizean bertan ere ikuskizunaren saio itxi bat izango dute”.
Alboan Fundazioa eta Katxiporreta daude horren atzean eta Joxe Mari Agirretxe Porrotxek hartu du hitza Katxiporretaren izenean. Zoriondu egin ditu jardunaldien antolatzaileek, “halako gaiei eskaintzen diezuen tarteagatik”. Leire Bilbao idazleari erreferentzia egin dio pailazoak; izan ere, Bilbaok idatzi du Ez gara Jaitsiko! ipuina, baita Klera argitalpenekoa ere. Alboan elkarteak Amazoniaren gaineko kantu bat eskatu ziela kontatu du Porrotxek, baietz egingo zuetala erantzun, baina nahi izanez gero horretaz gain, bidaia bat elkarrekin egitea ere proposatu zioten Alboani, “hortik jaio zen ipuina, diskoa, abestia, koreografia, ikuskizuna eta gero, Amazonia gara formatu txikia”.
Alboan elkarteko Libe Narvartek kontatu du irakasle batzuekin eta Kristina Eneako lankide batzuekin elkarlanean proposamen pedagogikoa landu dutela, “eta horri buruz hitz egiten ari gara herriko ikasleekin. Ikastetxe bakoitzak ibilbide hori landu du”. Naturaren zaintzaren gaineko gogoeta egiten dute bertan, baita elkar zaintzaren gainekoa ere, “ikuspegi ekosoziala du, giza eskubideak banaezinak diren bezala, guk uste dugu naturaren zaintza eta giza eskubideek elkarrekin uztartuta joan behar dutela uste dugu, hori da proposamena”. Lokala eta globalaren arteko lotura nabarmen jarri du, ” ez duelako klima aldaketak mugarik ezagutzen. Amazoniako herri indigenak gogortasun handiz pairatzen ari dira klima aldaketa, beraiek eraginik izan ez dutenean izan aldaketa edota krisi horretan”. Lokala eta globala, genero ikuspegia, bizitza ona, kulturartekotasuna, herri eta hizkuntzen aniztasuna ekarri dute prestatutako materialekin.
Ikus entzunezkoak ere indartsu datoz. Urtero bezala, Etxerik gabe, kalez kale jardueran, Koldo Mitxelena ikastetxeko hainbat ikaslek sortutako film laburrak proiektatuko dira. Filmak sortu aurretik, ikasleek Emaus Gizarte Fundazioak kudeatzen dituen zerbitzuetako pertsona batzuen istorioak ezagutu dituzte. Abenduaren 11 asteazkenean izango da, 12:00etan, Xenpelar Etxean.
Azkenik, egitarauan sartuko da Errenteriako Giza Eskubideen Zinema Dokumentalaren III. Jaialdia, eta horixe izango da aurtengo jardunaldiek ekarriko duten aldaketa nagusietako bat Galdosek azaldu duenez, “izan ere, uztartze horrekin bi ekitaldien arteko lankidetza eta elkarrizketa indartzen da, eta, batez ere, Zinemaldiaren eta jardunaldien helburuak indartzen dira: bizi garen munduaren bidegabekeriak ikusaraztea eta salatzea, gai ezberdinen inguruan sentsibilizatzea, eta berdintasunaren, elkartasunaren eta elkarrekiko errespetuaren arloetan aurrera egitea”.
Jaialdia abenduaren 9tik 15era egingo da, eta emanaldiak astelehenetik ostiralera izango dira, Niessen Zinemetan, 19:00etan (doako sarrerak eskuratu beharko dira). Gainera, landuko diren gaien inguruko hausnarketan sakontzeko solasaldiak egingo dituzte.
Jarduera guztiak doakoak izango dira. Halere, doako sarrera behar duten jardueretako gonbidapenak Lekuona Fabrikan, aldakoenean edo online eskura daitezke. Horretarako klik egin hemen. Jardunaldien informazio guztiak, berriz, hemen klikatuta kontsulta daitezke.