LGTBI+ memoria osatzeko abiaburu den ikerketa aurkeztu dute
#Kuirartxibobizia Orereta-Errenteriako LGTBI+ Memoria atontzen: Betirako dantzan gure lumatzan argitalpenak argia ikusi du. atzo aurkeztu zuten Badalaben, Uxue Diaz Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikerlari gazte oreretarrek.
#Kuirartxibobizia Orereta-Errenteriako LGTBI+ Memoria atontzen: Betirako dantzan gure lumatzan argitalpenak argia ikusi du. Atzo aurkeztu zuten Badalaben, Uxue Diaz Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez ikerlari gazte oreretarrek. 2022an Koldo Mitxelena Ikerketa Beka irabazteko prestatu zuten proiektua elikatu dute hemezortzi hilabetez, eta emaitza biribila izan da; biribila, eta ezinbestekoa.
Joxepa Antoni Aranberri anitzenean egin zuten aurkezpena atzo lau ikerlariek, Iñaki Queralt LGTBI+ Politiken zinegotziak aurkeztutako ekitaldian, aretoa beteta. Queraltek berak azaldutako moduan, Errenteria-Orereta eta Oarsoaldeko LGTBI+ memoria kolektiboa aztertu dute lanaren bidez, “memoria hori bildu eta horretan sakontzeko”. Ez da bukaera, argi esan dute Queraltek eta lau ikerlariek, bizi-bizi dagoen kolektibo baten memoria historikoa osatzeko abiapuntua baizik.
Aurtengo Bilduma udal publikazioan argitaratu dute lan hori. Eskerrak eman zizkien udal ordezkariak lau ikerlariei, “hau abiapuntua da, ate berriak ireki dituzue”.
Azterlanaren egileek beraiek hartu zuten hitza ikerlanaren nondik norakoak azaltzeko. Argitalpenaren atzean, “lan handia” eta batez ere “oso bide polita” dagoela jarri zuen nabarmen Ane Fernandez Trigok eta eskerrak eman zizkien ikerketa horretan testigantzak eta ahotsa jarri duten pertsona guzti-guztiei. Lau zatitan banatu dute euren lana: proiektuaren helburua eta metodologia zein egiteko baliatu dituzten instrumentuez aritu dira lehen zatian; parte hartzaileen informazio bildu dute bigarren kapitulura beraien memoria historikoa garatzeko bigarren zatian; hirugarren zatian azpimarragarriagoak ziren hainbat alor kategorizatu egin dituzte sakonki aztertzeko; eta laugarren zatian, azkenik, etorkizunari begira jarri eta hainbat hausnarketa eta proposamen egin dituzte.
Aurrekari gisa bi gertaera “garrantzitsuri” erreparatu zietela azaldu zuen Fernandezek: “2019an udalak bultzatuta egin zen udalerriko LGTBI+ komunitatearen diagnostikoa; eta bestetik, Hiruki Larrosaren Noiz bukatzen da armairua? Hernaniko azken 50 urteetako LGTB memoria ariketa 1969-2019″. Euren izena, #Kuirartxibobizia ere izan zuen hizpide, “kuir kontzeptua sartu nahi genuen zisheterosexualitatetik ateratzen diren identitate guztiak barne hartzen dituelako eta laburtzeko kontzeptu egokia iruditu zitzaigulako; artxiboa, memoria kolektiboa eraiki nahi genuelako eta bizia, azkenik, iraganean, orainean eta etorkizunean gerta daitekeena ere kontuan hartu nahi genuelako”.
Lanaren helburu nagusiak berriz, LGTBI komunitatearen memoria kolektiboa biltzea belaunaldien ikuspegia aintza hartuta; pertsonak erdigunean jartzea haien testigantzak jasota; LGTBI pertsonen arteko sareak sortzea; eta, bukatzeko, euskarak testuinguru horretan duen inplikazioa aztertzea, “guretzako garrantzitsua izan baita erreferente garrantzitsu euskaldunak berreskuratzea herrian eta ahal den heinean euskaraz hausnartzeko espazioak sortu eta sustatzea”.
Memoria hori eraikitzeko hainbat lanketa bide baliatu dituzte. Galdetegia zabaldu zuten eta 667 erantzun jaso, “horietatik 571 izan dira baliagarriak lanerako”. Hamar irratsaio ere egin dituzte, Oreretako Zintzilik Irratiarekin, eta 13 parte hartzaile aritu dira horietan LGTBI kolektiboa, euskara, zahartzaroa eta gaur egungo mugimenduaz hitz egiteko. Mahai inguruak ere egin dituzte lanketaren barruan, hiru denera, horietako bat Berango erretiratuen elkartean.
Mapa birtuala irratsaioekin eta testigantzekin
Mapa birtual bat ere sortu dute grabatutako hainbat irratsaioekin udalerrian barrena. Bi helbururekin egin dutela lanketa hori azaldu zuen Narbartek, “LGTBI+ mugimenduaz hitz egiten denean bakarrik erdialdeaz hitz egiten da eta deszentralizatu nahi genuen, auzo periferikoetan ere gauzak gertatzen direlako; eta datorren urtean irratsaio horiek kalera zabaltzea aurreikusi dugu espazioak okupatu eta kuir bihurtzeko”. Kokaleku denek zentzu bat dutela nabarmendu zuen, eta lotura bat irratsaioekin. Herritarrek euren testigantzak bidali eta mapa horretan txertatzea da intentzioa aurrerantzean ere, mapa hori aberasten jarraitzeko.
Bildutako testigantza guztiekin denbora lerroa sortu dute lau ikerlariek publikazioaren barruan 1933ko Alferren eta Gaizkileen Legea indarrean jarri zenetik, 2024ra arte. Tarte zabal horretan LGTBI+ kolektiboarentzat Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan gertatu eta mugarri izan direnak jaso dituzte, bereziki Oarsoaldea eta Errenteria-Oreretakoak.
Azabal eta Diezek ere hartu zuten hitza atzoko aurkezpenean, eta nabarmen jarri zuten lanaren helburua memoria kolektibo hori eraikitzeko parte hartu duten denen ahotsa erdigunean jartzea izan dela, eta horietan errepikatu diren hainbat gairi erreferentzia berezia egin diete ikerlariek. Horietako bat da euskara; lanaren ardatza izan da Diezek azaldu zuenez, “gure hautu pertsonala izan da euskara erdigunean jartzea lan egiteko garaian”. LGTBI+ mugimendu mugimendu feministarekin estuki lotuta izan dela, eta bigarren horrek, Errenteria-Oreretan euskara erdigunean jartzea beti izan duela hizpide kontatu zuen Diezek, “LGTBI mugimendu paraleloki garatu denez, euskararen garrantzia hori ere hartu du. Gaur egunera etorrita, hainbat esamolde, hitz eta esapide eratzea falta da. Izan badaude, eta liburuan jaso dira, Oarsoaldean kuku lesbiana esateko modua bezala, baina falta dira eta lanketa egiteke dago”. Fenomeno bati ere egin zion erreferentzia ikerlariak, “hiruki ezina”. Horren arabera, ba omen dirudi kuir, arrakastatsu eta euskalduna izatea ezinezkoa dela, “fikziozkoa. Hiruretako bi izan zaitezke edo bat, baina hirurak ez. Hala esan dute gure elkarrizketatuek”.
Ikusgarritasunaz mintzatu zen Azabal, garrantzia bizi baitu ikusgarri jartzea, “izan garela, bagarela eta izango garela jakiteko, hala adierazi dute elkarrizketatuek. Izan hedabideetan, hezkuntzan, baina batez ere espazio fisikoetan. Ikerketan ikusi dugu 1990. hamarkadan batez ere erreferente falta handia zegoela, hori aldatu da”. Belaunaldi arteko ezberdinak ere sumatu dituztela esan zuen, “gaur egun espazio seguruak sare sozialetan aurkitzen dituzte”. Topaguneak ere hizpide ikerketan, horretaz mintzo zen Diez; “Kuir topaguneak Oreretan historikoki feminismoarekin lortu izan dira. Aipagarria da oso Txintxarri elkartea, erreferentea izan da. Gaur egun zaila da halako topaguneak aurkitzea, asko-askotan espazio pribatuak dira. Oso aipagarria da Arkaitza taberna, gaur egun aniztasun gehien dagoen lekua dela dirudi, nahiz eta espazio hori ez zen horretarako sortu”.
Eta topagunerik aurkitzen ez denean zer gerta daiteke? horri ere erantzun dio #Kuiartxibobiziak: Sexilioa. Zisheteroarautik kanpo izateagatik gerta daitekeen migrazio prozesua da, eta estu lotzen da espazio segurua ez izatearekin. Sexilioarekin errealitatea ugari eta askotarikoak topatu dituzte. Arrazoiak ere askotarikoak: erreferente falta, espazio seguru falta, familia eta lagun artean babesgunerik ez izatea… Kanpora ateratzea, arnasa hartzearen sinonimo bilakatzen da, eta sexilioarekin estu lotu dituzte babesa eta indarkeria. Puntu horretan hezkuntzari egin zion erreferentzia Diazek, “hori da dugun arma sozial indartsuena, etorkizuneko belaunaldiak bermatzeko bidea. Lanketa baina oso eskasa da, eta prebentziorako espaziorik ez da gainera”.
Ba al da itxaropenik?
Liburuaren azken atala galdera horrekin abiatu dute lau ikerlariek. Aktibismoaren gainbehera sumatzen dutela nabarmen jarri dute ikerketan, baita sare sozialen gaineko kezka, horri kontrajarrita, ia elkarrizketatu guztiek esan omen dute, Errenteria-Orereta herri bizigarria dela, “badaude gauzak egiteko, baina lan handia egin da, eta gaur eta hemen ikusten da hori”.
Proposamenak ere egin zituzten elkarrizketatuen hitzetatik abiatuta. Horietako batzuk azalduta bukatu zuten aurkezpena herrian antolatzen diren ekintzetan LGTBI+ gaiak eta ikuspegia txertatzea da egin duten proposamenetako bat: ez da bakarra, LGTBI+ ikonografia espazio publiko zein pribatuetan zabaltzea ere neurri ezinbestekoa iruditzen zaie #kuirartxibobiziko ikerlariei. Aisialdia ekintzetan LGTBI+ pertsonentzat espazio propioak sortzea, kaleetara irtetea “kaleak gureganatzeko”, baita sareak sortu eta lan indibiduala bultzatzea, “bi norabideko bidea egin behar da eta egiten ari gara”. Azkenik, atseden hartu eta zauriak ixteko espazioak eraikitzea ezinbestekoa jo dute ikerlariek.
Bilduma aldizkaria udaletxean jaso daiteke, artxibo sailean, zehazki.