Eguzki: "Errekastoa ez dute desbideratu zubia eraiki aurretik, aurreikusita bazegoen ere"
Iztieta eta Altzate auzo berria lotu dituen zubia eraiki dutela eta lanak egin aurretik zubi azpian uretaratzen den errekastoa ez dutelako desbideratu azalpenak eskatu ditu Eguzkik.
Kezka azaldu du Eguzki talde ekologistak eta azalpenak eskatu. Iztieta-Ondartxo eta Altzate auzo berria lotzen duen zubi berriaren gainekoa da kezka hori, eta zehazki, eraiki duten zubi horren azpitik uretaratzen den errekastoaren ingurukoa. Eguzkik prentsa ohar bidez azaldu duenez, zubi eraiki aurretik errekasto hori desbideratu behar zela onartuta baitzegoen Altzateko Urbanizazio Proiektuaren aldaketaren testu bateginean, “hala ere, desbideratze hori egin gabe eraiki dute zubia eta dagoeneko erabilgarri dago, gainera, oinezkoentzat”.
Zubi berri hori Pontikako Pekin errekaren bokaleko puntuan eraiki da, “horrek errekastoa desbideratu beharra zekarren eta hala onartu zuen Errenteriako Udaleko Tokiko Batzarrak 2023ko otsailaren 21ean”. Desbideratze horri erreferentzia egiten zaiola Altzateko urbanizazioaren antolamendu eta garapen izapidetzean gaineratu du talde ekologistak, “hain zuzen ere, Endara Asociadosek 2020ko urrian idatzitako itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren emakida eskaerarako aurkezten den dokumentuak honela dio: ‘Iztietako estribua kokatuko den tokian estolda handi baten ibairako irteera dago, eta aldatu egin beharko da zubia eraikitzen denean'”.
2021eko urrian onartutako urbanizazio proiektuaren aldaketaren hasierako onespenerako dokumentazioa aipatu du ondoren Eguzkik, “ubidearen irteerako estalduraren 21. planoa gehitu da, non ubidearen desbideratzea ikusten den”. 2023ko otsailean behin betiko onartu zela urbanizazio proiektuaren aldaketa erantsi du Eguzkik, “eta memorian, Oiartzun ibaiaren gaineko zubia izeneko 11. puntuan hau esaten da: ‘Ezkerraldean, Iztieta pasealekuaren azpian ubide bat dago, aldez aurretik masa hormigoiz itsutuko dena’. Dokumentu horretan bertan, hurrengo puntuan, zubia eraikitzeko aldez aurretik errekasto estaldura baten azken zatia desbideratu beharko dela aipatzen da. Estaldura berria zubitik ibaian behera ibairatuko dela eta 5 metroko argia duen hormigoi armatuzko marko batek osatuko duela azaltzen du”.
Zubia bukatuta eta inauguratu zain bada ere, desbideratzea egin gabe dagoela nabarmen jarri du Eguzkik berriro ere: “Ez dakigu 2023ko otsailaren 23a eta zubia eraiki bitartean aldaketarik eman den behin betiko proiektu horretan”. Aldaketarik egin ez bada, zubia errekastoa desbideratu gabe eraiki izana “udalak onartutakoa ez betetzea” suposatuko lukeela jarri du mahai gainean talde ekologistak: “Jarrera horrek administrazio eskudunaren zabarkeria larria jarriko luke agerian, batetik; bestetik, desbideratzearen exekuzioa zaildu eta garestitzea, auzoaren eguneroko martxan arazo berriak eraginez”.
Auzia argitzeko “beharrezko dokumentazioa aurkeztea” galdegin dio azkenik Eguzkik dagokion administrazioari.