Taxilarien eremu komuna sortu dute 11 udalerrik
Donostialdeko Taxiaren Erregimen Bereziko Eremua onartu dute 11 udalerrik, Errenteria-Oreretak tartean.
Donostialdeko Taxiaren Erregimen Bereziko Eremua onartu zuen pasa den abenduaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren arabera, eremu komun hori sortzeko hitzarmena egin duten 11 udalerriek malguago jarduteko aukera izango dute, baita herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzekoa ere Errenteriako Udalak esan duenez.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria-Orereta eta Donostia dira hitzarmenaren sinatzaileak, eta akordioaren bidez, beste udalerri batzuetako taxiek Errenteria-Oreretan eman ahalko dute zerbitzua eskaera handiko egun zehatzetan, eta Errenteria-Oreretako taxiek gauza bera egin ahal izango dute gainerako herrietan udal bakoitzak zehazten dituen egun eta ordutegietan; izan ere, udalerri bakoitzak bere egutegia ezarri du-eta.
Errenteria-Oreretaren kasuan, Erregimen Bereziko Eremua uztailaren 22tik 25era, eta urtarrilaren 1ean 00:00etatik 05:00etara aplikatzea erabaki da. Egun horietan beraz, hitzarmenaren parte diren gainontzeko hamar udalerrietako taxilariek zerbitzua eman ahalko dute udalerrian.
Errenteria-Oreretan zerbitzua erabiltzeko, ohi bezala, Nafarroa Etorbideko 69. zenbakian dagoen geltokira joan edo 943 34 03 42 telefono zenbakira deitu ahal da. Prezioei dagokienean, berriz, tarifa erregimen bateratua ere ezarri dute hitzarmenaren parte direnek.
31 taxi lizentzia udalerrian
Gaur egun 31 taxi lizentzia dira udalerrian, eta kopuru hori, gainera, egonkor mantendu izan da denboran zehar udalak emandako datuen arabera: “Hala ere, udalerriaren eta Donostialdeko beste herri batzuen etengabeko garapenak zerbitzuaren eskaria handitu du, batzetan eskuragarri dagoen eskaintza gaindituz eta zerbitzuaren kalitateari eraginez. Erregimen Bereziko Eremuak taxi zerbitzuaren eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio, eta zerbitzuaren kalitatea hobetu eta gaur egungo desorekak murriztea du helburu”.
Hitzarmenaren azterketa egingo dutela jakinarazi dute bestalde, eta horretarako batzordea bat eratuko dute udal ordezkariek, aldundiak eta taxi sektoreko elkarteek, “zerbitzua hobetu eta behar bezala ematen dela bermatzeaz arduratuko da batzorde hori”.