Barakaldoko hilketa matxista salatu dute Lezoko Udalak eta eragile feministek
"Emakumeak indarkeria matxistarik gabe" bizi daitezen lanean jarraituko dutela adierazi dute eragile horiek.
Barakaldon (Bizkaia) 84 urteko emakume bat hil zuten ostiralean, eta haren semea espetxean dago, andrea hil izana leporatuta. Lezoko Udalak eta herriko eragile feministek (Iruntzen Lezoko Emakume Taldea, Gaxuxa Emakume Elkartea eta Piztu Lezo) hilketa matxista salatu dute, “argi adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren kontra gaudela eta irmoki gaitzesten dugu Barakaldon gertatutakoa”.
Gaitzespen mezuaz gain, indarkeria matxista desager dadin lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute herriko eragileek, “emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.