Igandean, Guadalupetik Ibai Ondoko babarrun-jatera
Sasoiko laugarren irteera (2025eko lehena) iganderako antolatu du Xoxolur Mendi Klubak: Guadalupera joango dira.
Hurbilera txangoa antolatu du Xoxolur Mendi Klubak iganderako (hilaren 12rako). Hondarribiko Guadalupe aldera joango dira, eta behin herrira itzulita, babarrun-jatea izango da Ibai Ondon. Eguna familia giroan, inguruarekin bat eta euskaraz gozatu nahi dutenek ostegunera arte (hilaren 9ra arte) dute izena emateko epea, mendizaleen posta elektronikoaren bitartez. Mezuan partaideen izen-abizenak, haur-gazteak baleude euren adina, eta babarrun-jatera joango ote diren zehaztu behar dituzte interesdunek.
Honakoa da iganderako plana: 08:30ean geldituko dira Ijurkon, eta behin denak batuta garraio publikoa hartuko dute Hondarribiko Amute auzora joateko (Mugi txartela eraman behar da). Handik Jaizkibelerako bidea hartu, eta Guadaluperainoko tartea egingo dute, han hamaiketakoarekin indarberritzeko. Menditik Hondarribira jaitsi, eta berriz ere garraio publikoz bueltatuko dira partaideak Lezora, Ibai Ondon babarrun-jate ederra izango dutelako zain.
Mendi txangoak ez du kosturik. Bazkaldu nahi dutenek, ordea, ordainketa egin beharko dute: helduek 15 euro, eta haur-gazteek 10.