Xskara rap abeslaria, urteko lehen kuxkuxeroa
Kuxkuxeroak egitasmoak eskualdeko gazteei beren gustuko erreferente euskaldunekin hitz egiteko eta egoteko aukera ematen die. Xskara Errenteria-Oreretan (hilak 10) eta Lezon (hilak 24) izango da.
Kuxkuxeroak egitasmoa bueltan da. Iniziatiba horrek eskualdeko gazteei beren gustuko erreferente euskaldunekin hitz egiteko eta egoteko aukera ematen die. Kuxkuxeroak proiektuaren barneko saio horiek Kuadrillategin edo bestelako egitasmoetan dabiltzan eskualdeko 12 eta 18 urte arteko gazteei eskaintzen zaizkie.
Urteko lehen saioan Xskara rap abeslaria bilduko da eskualdeko gazteekin. Musikaria Errenteria-Oreretan izango da hilaren 10ean, eta Lezon hilaren 24an. Saio horietan bere ibilbide profesionalaren eta bizipen pertsonalen berri emango du Xskarak, eta gazteek rap abeslariari egiteko galderak prestatuta eramango dituzte. Solasaldi “ireki” eta “atsegina” sortu ohi dela nabarmendu dute antolatzaileek.