Clownak, Jantziaren Zentroaren protagonistak
Tutik Clows taldeko Garikoitz Muñoz donostiarrak azken 30 urteetan taldearen ikuskizunetan erabili dituen bost jantziekin ondu du erakusketa.
Proposamen berritzailea Jantziaren Zentroak bihartik hasi eta martxoaren 2ra arte doan erakutsiko duen erakusketa. Clownak ditu protagonista erakusketa horrek, zehazki, horien jantziak eta atzean, Garikoitz Muñoz donostiarra dago. Muñozen eskutik heldu da erakusketa Errenteria-Oreretako Jantziaren Zentrora. Tutik Clowns taldeko kidea da donostiarra eta 1995etik taldearen emanaldietan baliatu dituen jantziekin ondu du erakusketa.
Gaur ezaguna den moduko zirkua 1770. urtean sortu zuten Ingalaterran. Hasiera-hasieratik hartu zuten parte ikuskizunetan pailazoek, bikote gisa lehenik, eta hirukote moduan XX. mendeko 1920. hamarkadatik aurrera. Clowna, dotorea, azkarra, jakintsua eta beti agintzeko prest dagoen pailazoa da, eta bere jantziak ere oso dotoreak dira: “1950. hamarkadan lentejuelaz beteriko traje koloretsuak erabiltzen hasi ziren”.
Hiru clown jantzi mota daudela zehaztu dute Jantziaren Zentroko arduradunek: Zakua, pieza bakarrekoa; bata, zazpi edo bederatzi piezarekin egindako berokia; eta bi pieza dituena. Erakusketan, hirurak ikusteko aukera izango da. Apaingarriei begira, bi motatakoak bereiz daitezkeela zehaztu dute, “jantzi amerikarra, AEB Ameriketako Estatu Batuetako banderaren egokitzapena; eta ispilu-jantzia, kolore bakarreko lentejuela eta ispilu karratu txikiekin osatua”.
Bost jantzi eraman ditu Muñozek erakusketara, horietako bi Parisko Maison Vicaire, clown jantzigintzan munduko onenak eginak dira. Moulin Rouge, Lido edota Folies Bergerentzako jantziak sortzeaz gain, zirkuko clownentzako lentejuelazko jantzietan espezializatu zen. Gainerako hiru jantzietako bat Madrilgo Maribel and Rupert atelierrean sortua da, eta beste biak, Ana Gerra donostiarrak eginak dira.
Clown jantziekin batera erakusketari testuak gehitu dizkiote zirku modernoaren hasiera, munduko pailazo garrantzitsuenen izen eta argazkiak, jantzien diseinuen azalpena eta horiek sortu zituzten atelierren gaineko informazioa azaltzen dute kartelek.
Pailazoak. Harritu eta liluratu zirkuko pailazo jantzi ederrekin erakusketak clown jantzien atzean ezkutatzen den joskintza mundua azaltzen du. Doan ikus daiteke erakusketa, bihartik —hilak 11—, larunbatetan goiz eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.