Zarata mapa eguneratu du udalak
Eguneraketa horren emaitza herritarrekin partekatuko du hilaren 16an Reina aretoan 18:30ean egingo duen bileraren bidez.
Zarata mapa eguneratu du udalak eta azterlan horren emaitza eskutan, herritarrei jakinaraziko die orain zein den udalerriaren egoera akustikoa. Horretarako, bilera antolatu du hilaren 16an, ostegunarekin 18:30ean Reina aretoan. Kanpoko enpresa batek egin du azterlan hori, eta udalerriko hobekuntza akustikoaren ekintza plana egiten hasi aurretik aurkeztu nahi die emaitza herritarrei. Bilera irekia da, eta helburua herritarren kezka eta arazoak jasotzea da ekarpen horiekin osatzeko zarata mapa eguneratua. Behin hori eginda, onarpenaren tramitazioari ekingo zaio.
Bilera kutsadura akustikoarekin sentsibilizatutako pertsona guztien artean hobekuntza akustikorako ekintza plana egiteko estrategia zehazteko baliagarria izatea espero duela esan du udalak, “hori horrela parte hartzera deitu nahi ditugu”.
Errenteriako Udalak 2017. urtean eguneratu zuen zarata mapa udalerriko egoera akustikoa ezagutzeko eta kalitate akustikoa hobetzeko behar diren neurriak hartzeko. Horrekin batera, informazio hori plangintzako tresnetan eta eragin dezakeen edozein udal eremutan txertatzeko baliatu zuen, halaber. Urte horretan bertan garatu zuen udalak Zarataren aurkako Ekintza Plana, eta 2018ko ekainean behin betiko onartu.