Erreserba mailak behera egin duela-eta, odola ematera deitu dute
2024an 47.000 pertsonek eman zuten odola Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 30.000 pertsonengan izan du eragina Osakidetzak azaldu duenez.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eta Osakidetzak odola emateko deia egin diete herritarrei. Gabonen ondotik, behera egin du odol erreserbaren mailak, eta hori horrela odol osagaiak hornitzeko ezinbestekoa da herritarren elkartasun keinu hori. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak TGEEZ gogorarazi du odol emateak jarraitzen duela izaten transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, “osasun jardueran ezinbestekoak direnak”.
Odol osagaien erreserba mailak ohiko mugetatik behera daudela jakinarazi dute, “egoera horri eragin egiten dio urtaro honetan izaten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak”. Behar handiena, O+, O-, A+, A- eta B- odol taldeetan dago, premiazkoa da horietan. AB+ eta AB- odol taldeetan hurrengo 2 edo 3 egunean behar dute. B+ taldeak du egoerarik onena oraintxe. Hori horrela, Osasun Sailak zein Osakidetzak laguntza eskatu diete inoiz odola eman dutenei, baita urratsa egitea pentsatu baina oraindik eginez dutenei ere, “behar duten paziente guztiei arreta medikoa bermatzeko”. Odola ematea da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egunero 200 pertsona ingururen bizi tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra dela gaineratu du Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak.
Odol emate bakoitzak, dozenaka pertsona laguntzen ditu, hala esan dute, “odola hainbat osagaitan banatzen baita eta, osagai horien bidez, hainbat behar mediko artatzen dira: tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak, edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak”.
Odola emateko baldintza zehatzak bete behar dira, eta horiek gogorarazi dituzte. 18 eta 65 urte artekoa dina izan behar da, osasun egoera onean egon, eta 50 kilo baino gehiago pisatu. Odola emateko gune finkoak eta unitate mugikorrak, hemen klik eginda kontsulta daitezke, edo Euskadiko Odol Emaileen sare sozialetan.
Iaz 6.567 emaile berri izan zirela nabarmen jarri dute eta denera, globulu gorrien 70.225 kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 litro plasma lortu ziren. Horietatik 22.096 botikak egiteko erabili ziren.