Javier Agirresarobe omentzeko zikloa antolatu du Ozzinemak
Urteko lehen seihilekoan argazki zuzendari ospetsuari eskainitako ziklo berezi bat jarriko du martxan zineklubak.
Javier Agirresarobe argazki zuzendari ospetsuari eskainitako ziklo berezia ondu du Ozzinema zineklubak urteko lehen seihilekorako: “Helburua argiaren maisu honen ibilbidea aitortzea da. Bere talentuak mugak gainditu eta arrasto irmoa utzi du bai Espainiako zineman zein nazioartean”.
Zikloaren lehenengo saioa hilaren 21en egingo dute, 19:00etan Niessen zinemetan La carretera (The road) filmarekin. Agirresarobek berak aurkeztuko du filma.
1948an Eibarren jaioa, Agirresarobek Madrilgo Zinema Eskolan ikasi zuen eta bertan hasi zuen ibilbidea, bere alorrean erreferente bihurtuta. Argi naturala maisutasun handiz erabiltzeak hainbat zinegile ospetsurekin lan egiteko aukera eman dio, hala nola Pedro Almodovar, Alejandro Amenabar eta Woody Allen. Lau hamarkadatik gorako esperientziarekin, hainbat sari jaso ditu, Goya sari bat tartean. Lanik ikonikoen artean, Mar adentro (2004) Alejandro Amenabarrek zuzendu; Hable con ella (2002) Pedro Almodovarrek zuzendua, eta Secretos del corazon (1997) Montxo Armendarizek zuzendua. Halaber, nazioarteko ekoizpenetan ere aritu da lanean, esaterako, Goya’s Ghosts (2006, Milos Forman) Fright Night (2011), eta Crepusculo sagaren film arrakastatsuetan. Proiektu hauek, Vicky Cristina Barcelona (2008, Woody Allen), eta Thor: Ragnarok (2017, Taika Waititi).
Ozzinemak antolatutako zikloak sei pelikula izango ditu, Aguirresarobek aukeratutakoak, hilero bat, bere ibilbidearen hainbat etapa eta estilo erakutsiz, eta zinemako narrazioan izan duen eraginaz hausnartzeko. Kultur proposamen aparta zinemazaleentzat. Aukeratutako sei pelikula honakoak: La carretera (The Road, 2009 John Hillcoat), biziraupenari buruzko distopia hunkigarria; Warm Bodies (2013 Jonathan Levin) zombi eta maitasun istorio berritzaile bat; Al otro lado del río y entre los árboles (2022 Paula Ortiz), Hemingwaye-ren obra batean oinarritua; Los otros (2001 Alejandro Amenabar), suspensezko klasiko bat Nicole Kidmanekin; El milagro de P. Tinto (1998 Javier Fesser) komedia surrealista eta hunkigarria; eta Blue Jasmine (2013 Woody Allen) drama sofistikatua.
Zikloaren hasiera saiorako sarrerak, salgai daude jada 4 euroan: Lekuona Fabrikan, Aldakoenean eta online eros daitezke (klik hemen), baita saioaren egunean bertan, Niessen Zinemetan ere.