Oporrak Bakean programa aurkeztu dute
'Esperantzari leiho bat' lelopean gorpuztu dute 2025eko egitasmoa. Familiei dei egin diete programarekin bat egitera eta haur sahararrak udan Euskal Herrira ekartzera.

Saharako Euskadiko Ordezkaritzak, Oporrak Bakean programa laguntzen duten udalek eta egitasmoan parte hartzen duten elkarte eta harrera familien ordezkariek 2025eko Oporrak Bakean programa aurkeztu zuten larunbatean Donostiako Aiete Jauregian. Udal laguntzaileen artean daude Pasaiakoa eta Lezokoa, eta aurkezpen ekitaldian izan ziren Teo Alberro Pasaiako alkatea eta Aitzol Saizar Lezoko Udaleko zinegotzia.
Euskal Herrian arrastoa utzi duen elkartasun egitasmoa da Oporrak Bakean. “Tamainaz, mamiz eta iraupenez ere, gure herrian bizirik dirauen elkartasun egitasmo garrantzitsuenetarikoa dela esatera ausartuko ginateke”, esan zuten, harro, programaren sustatzaileek. Azken 15 urteetan 4.597 haur saharar izan dira Euskal Herrian. Haur horiei osasuna bermatu eta esperientzia hezitzaile “aparta” eskaini zaiela adierazi zuten antolatzaileek.
Oporrak Bakean egitasmoa egi izateko harrera familien eta elkarteen ekarpenak ezinbestekoak direla nabarmendu zuten sustatzaileek. Horietako asko eta asko Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetan izan dira, eta guztion artean eskolak eta osasun etxeak hobetu dituzte, gazteen eta emakumeen ahalduntzeari begirako formazio saioak antolatu dituzte, sahararrak ere hainbat arlotan formatu dituzte eta oinarrizko beharrei erantzunak eman dizkiete, esaterako, ur horniketarekin lotutakoei.
Haur sahararrak Euskal Herrira ekartzeak beren osasunerako duen garrantzia “ukaezina” dela zehaztu zuten programaren antolatzaileek. Errefuxiatu sahararren bizi baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta “gero eta larriagoak” diren muturreko klima baldintzen menpe daudela jakinarazi zuten. Gaur egun, Saharako hiru haurretatik bakarrak jasotzen du hazkuntza egokia bermatzeko beharrezko dieta, hortaz, Oporrak Bakean programan parte hartzea “arnasgune” bihurtzen da haurrentzat eta haien familientzat.
Haur eta familientzat arnasgune bat izateaz gain, Oporrak Bakean egitasmoarekin bat egiten dutenenek esperientzia “aberasgarria” dela aitortu zuten: “Hankamotz geratuko ginateke esango ez bagenu gu, gure ingurukoek eta gure familiek ere zenbat jasotzen dugun guzti honekin. Elkartasun keinu honetan guztiok ateratzen gara desberdin, guztiok ateratzen gara aberastuta, guztiok ateratzen gara aberastuta, gugandik asko ikasten duten arren guk eurengandik ere jasotzen duguna asko delako”.
Saharako herria bere eskubideak aitortu eta autodeterminazio erreferendum bidez bere etorkizun politikoa erabakitzeko urte luzez itxaroten ari dela gogorarazi zuten antolatzaileek. Hori Nazio Batuek hitz eman zietela eta legez eta eskubidez dagokiela azaldu zuten. Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia dela oroitu zuten. Erbestean eta basamortuan bizi beharra jasateaz gain, gerra ere pairatzen ari direla salatu zuten. “Dena kontra duen herria, baina etsitzen ez duena eta esperantza galtzen ez duen herria da Mendebaldeko Sahara”, esan zuten.
Esperantzari leiho bat
Aipatutako guztiagatik, Esperantzari leiho bat da aurtengo Oporrak Bakean programarako sortu duten leloa. Izan ere, egitasmo horrek esperantza ere baduela nabarmendu zuten sustatzaileek, honakoa: “Egitasmoa bideratuko dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza, herri oso baten esperantza gehien maite dutenek gurera ekarriko dutena: bakearen enbaxadoreak, haur sahararrak”.
Herri horren esperantza haurrak direla esan zuten antolatzaileek, eta inplikatu guztien ahaleginari esker, haur horiei beste urte batez udako egonaldia eskainiko zaie Euskal Herrian, “osasunaren eta bizipozaren leihoa zabalduz”. Oporrak Bakean programara atxikitzeko kanpaina martxan da jada, eta martxoaren 15era arte batu ahal izango dira interesdunak.
Oporrak Bakean azken urteetan hazi egin den egitasmoa dela goratu zuten sustatzaileek. 2022an 153 haur saharar izan ziren uda pasatzen gurean. 2023an 183 izan ziren, eta, iaz, 188. Aurten hazkuntzaren bide horretatik jarraitu nahi dute, haur horiei Euskal Herrira etortzeko aukera eskaintzeko. Hori dela eta, harrera familia gehiago lortzeko ahalegin betean daudela adierazi zuten.
Harrera familiez gain, aurten ere lau aterpetxe egokituko dituztela jakinarazi zuten programaren antolatzaileek: hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Aterpetxeek elkar zaintza komunitariotik egiten duten ekarpena ere nabarmendu zuten larunbateko aurkezpenean.
Horregatik guztiagatik, dei argia egin zieten herritarrei Oporrak Bakean programara batzeko: “Euskal herritar orori deia luzatzen diogu Oporrak Bakean elkartasun ariketa komunitario eder honetan parte hartu dezan. Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat etxean har dezagun. Erakunde eta eragile asko ditugu gure alde eta bidelagun eta ardura izan arren, erabaki hau norbanakoa den arren, erantzukizuna kolektiboa da; badugu eskarmentua eta harrera familia handi bat osatzen dugu guztiok”.