Saturrarango kartzelaren bizipenak ekarriko dituzte Donibanera
Manttalingo alaba emanaldi musikatua Kultur Aterpean lurreratuko da hilaren 25ean, 19:00etan. Saturrarango emakumeen espetxean bizitakoak gogoraraziko dituzte.
Argazkia: Manttalingo alaba proiektua. Manttalingo alaba emanaldi musikatua Donibanen lurreratuko da hilaren 25ean, larunbatarekin. Kultur Aterpeak jasoko du ikuskizuna, 19:00etatik aurrera. Bixi-Bixi elkartearen bidez iritsiko da emanaldi hori Pasaiara.
Manttalingo alaba ikuskizunaren muina Saturrarango emakumeen kartzela da. Espetxe horretan 4.000 emakume baino gehiago izan zituzten gatibu 1936ko gerran, eta han bizitakoa gogoraraziko dute emanaldiaren bidez. Saturraranen, gainera, 166 emakume, haur eta gazte hil ziren, eta haien izenak irakatsiko dituzte Donibaneko saioan. Emanaldian 1936ko gerrara hurbilduko dira, garaiko melodiekin. ‘Oroitzen dugun hori gara. Oroitzen ez dena ez baita inoiz gerta; ez bizi, ez hil’. Horixe da ikuskizuna aurkezteko darabilten leloa.
Mikel Etxaburu idazle ondarrutarrak Manttalingo alaba poesia liburua argitaratu zuen iaz, eta obra literario hori abiapuntu hartuta, ordubeteko iraupena duen emanaldi musikatu bat sortu dute. Poema liburu horrek Arabako Foru Aldundiak sustatzen duen Ernestina de Chanpourcin saria irabazi zuen 2023an. Orain, kantu bihurtu dituzte Manttalingo alaba liburuko poemak, musikaz eta ahotsaz lagunduta. Nerea Zuloaga da abeslaria, Irina Alvarez biolina jotzeaz arduratuko da, eta Jon Gardokik akordeoia joko du.
