Iztietako zubi berriko beirateak ikusaraztea eskatu du Eguzkik, txoriek talka egin ez dezaten
Beirate horiek abiadura handian eta altuera txikian hegan egiten duten hegaztientzat "tranpa hilgarria" direla eta eskatu du urgentziazko neurriak hartzeko.
Hegaztiek beirateen kontra talka egin ez dezaten neurriak eskatu ditu Eguzkik. Iztietako zubi berriko beirateetan banda bertikalak jartzea eskatu dio udalari Eguzki talde ekologistak. Helburua, beirateak ikusaraztea da, hegaztiek haien kontra talka egin ez dezaten: “Kasu horietan jartzen diren hegazti harraparien siluetak baino eraginkorragoak dira, esperientziaren arabera, banda bertikalak”.
Disuasio neurri hori Donostian gauzatu dela dagoeneko hainbat eraikin publikoetan gaineratu du talde ekologistak, “bai Agirre Lehendakariaren zubian, bai Realaren zubian, non, Oiartzun ibaian gertatzen den bezala, askotan mota guztietako hegazti intsektujaleak —1902tik legez babestuak— eta uretakoak ikus daitezkeen”. Horien artean, ubarroiak, lertxunak, buztanikarak edo martin arrantzaleak ikus daitezke.
Hegazti horiek abiadura handian eta altuera txikietan egiten dutela hegan azaldu du Eguzkik, “eta kristal zeharrargiko pantaila horiek tranpa hilgarria dira haientzat”. Martin arrantzalea arriskuan dagoela ere jarri du nabarmen Eguzkik, “Espainiako 2021eko Hegaztien Liburu Gorrian, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan dago”.
Halaber, txirritxo txikia inguruan dagoela egiaztatu dela jakinarazi du, “hegazti hori Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrrendan dago, eta Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan kaltebera gisa katalogatuta”.
