Bi sari asteburu bakarrean Iñigo Legorbururentzat
Mungiako Bertos paperetan zein Oiongo Narrazio Labur Lehiaketan saritu dute errenteriarra.
Legorburu sariarekin. Sariak biltzen jarraitzen du, etengabe, Iñigo Legorburuk. Oraingoan, bi jaso ditu asteburu bakarrean: Mungiako San Antontxu bertso paper lehiaketan bigarren sailkatu da, eta Oiongo Ipuin lehiaketa berriz, irabazi egin du errenteriarrak.
Bertso paper lehiaketarako Sexilioa, euskal lihoa bertso sorta ondu zuen errenteriarrak: “Orain gutxi arte apenas hitz egiten zen beste euskal gatazka bat izan dut hizpide. Euren sexualitate, identitate edo gorputzengatik herri txikietatik hiri handietara alde egin behar izan duten pertsonei buruz aritu naiz. Militantzia, erbestea eta sasia ezagutu dute eta euren bizitzetako harremanak oso baldintzatuak ikusi dituzte”. 2008az geroztik aurkeztu ditu lanak sariketa horretara Legorburuk, “lau aldiz irabazteaz gain, hainbat bigarren eta hirugarren postu eskuratu ditut urte hauetan guztietan”.
Aurtengo bigarren postuarekin pozik azaldu da oso Legorburu, baita osatu duen lanarekin ere, “uste dut indar handiko mezuak daudela tartean”.
Mundu paraleloak lanak eman dio garaipena, berriz, Oiongo sariketan errenteriarrari. Bi emakumeren arteko sororitate ariketek euren bizitzetan izango dituen onurak ditu hizpide bertan. Sari gisa, 120 euro eta diploma jaso ditu errenteriarrak. honakoa, lehiaketa bera irabazten duen bigarren aldia du, 2021ean ere sari nagusia lortu baitzuen.
Mungiako lehiaketara aurkeztutako bertsoetako batzuk
Elizak gure kontra
biblia lodia
Opus ta faxistentzat
gara “Euscoria”
militar zein frankistek
prest zuten hobia
politikari ultrek
ahantzi memoria!
Sortzean lobby-a
giroa goria …
Bere eran anitza
da homofobia!
Topiko ziren “Vini,
vidi ta vinci”-ak
gurean salbuespen:
Bideak itxiak.
Behin zabaldutakoan
denon iritziak
lehengo lemen xuxurlak,
gaurko irrintziak!
To, harribitxiak:
Fatxei goraintziak!
Tente gaude oraindik
gorputz eraitsiak.
Gure aldarrikapen
juxtuen esketik
gazteak antolatu
zaizkigunez behetik
alde batetik doaz
pankarten atzetik
diskurtsoak berritu
dituzte bestetik …
Erdira, ertzetik
gu denon bermetik
atzetik datozenak
baitoaz aurretik.
