Erantzun zabala izaten ari da hezkuntza publikoko irakasleen greba
Errenteria-Orereta, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo hezkuntza publikoko irakasleen %70,69k babestu du greba.

Greba deialdia dute gaur eta biharko hezkuntza publikoko irakasleek, eta jarraipen zabala egiten ari dira Oarsoaldeko ikastetxeetan. Hala erakutsi dute HITZA-k Oarsoaldeko zein Irun eta Hondarribiko ikastetxe publikoetatik jasotako datuek. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara. Sindikatu deitzaileek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako grebak jarraipen zabala izan du gaur, %75ekoa. Eusko Jaurlaritzak bestelako datuak eman ditu, eta haren arabera, irakasleen %48k babestu du greba.
Oarsoaldeko datuei erreparatuta (ikastetxeetako zuzendaritzek eman dizkiote HITZAri), gertuago dago jarraipena sindikatuek emandako datuetatik Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datutik baino. Zehazki, Errenteria-Orereta, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo hezkuntza publikoko irakasleen %70,69k babestu du greba.
Greba deialdiaren atzean dauden arrazoiak azaldu dituzte sindikatu deitzaileek: Hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzea, babestu behar den hezkuntza publikoaren aldeko apustua egitea eta eskola publikoa erdigunean jartzea: “Hezkuntzako langileon lan baldintzek okerrera egin dute, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak etengabe luzatzen dituztelako eduki esanguratsurik gabe”.
Bihar ere grebara deituta daude hezkuntza publikoko irakasleak, baita otsailaren 26 eta 27an ere.
Ondoren ikus daiteke grebarekin bat egin duen Oarsoaldeko hezkuntza publikoko irakasleen portzentaia, ikastetxez ikastetxe.
Lezo
- Lezo Herri Eskola: %80
- Lezo Institutua: %91
Errenteria/Orereta
- Bizarain Ikastola HH-LH: %61,85
- Bizarain BHI: %71
- Cristobal Gamon HH-LH: %80
- Cristobal Gamon BHI: %30
- Koldo Mitxelena Herri Ikastetxea HH-LH: %86
- Koldo Mitxelena BHI: %68
- Don Bosco LHII: %34,3
Oiartzun
- Elizalde HH-LH: %85,3
- Elizalde BHI: %83
Pasaia:
- Karmengo Ama Herri Ikastetxea: %77,92