Hondakinen gaikako bilketan urratsak egiten
Pasaiako Udalak hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio kanpaina berri bat abiatu du: 'Etorkizuna birziklatzen'. Gaur aurkeztu dituzte xehetasun nagusiak.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2025/01/etorkizuna-birziklatzen.jpg)
Pasaiako Udalak hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio kanpaina berri bat abiatu du. Kanpaina horrek Etorkizuna birziklatzen du izena, eta gaur aurkeztu dituzte egitasmoaren gaineko xehetasun nagusiak Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen eta Zerbitzuetako zinegotziak, Trintxerpeko Donostia kalean egindako agerraldian. Udal ordezkariekin batera izan dira Joana Auzokoa udaleko Ingurumen teknikaria eta Yajaira Vazquez kanpaina garatu duen enpresako teknikaria.
Europako Hondakinen Zuzentarau Markoak eta Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak dio hondakinen birziklapenak %55era iritsi behar duela aurten, %60ra 2030ean eta %65era 2035ean. Horrez gain, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrak helburu estrategiko gisa ezarri du 2030erako birziklapen tasa %70era iristea.
Alberrok jakinarazi du egungo Pasaiako hiri hondakinen gaikako bilketaren tasa %48koa dela, eta, hortaz, esparru horretan jauzi bat ematea “beharrezkoa” dela. Aurrerapauso hori emateko, udalak bi egitasmo jarri ditu abian. Alde batetik, udalak hobekuntzak egin ditu hondakinen bilketa sisteman, herritarrei hondakinak jatorrian bereizten laguntzeko. Bestetik, udal erakundeak etxeko eta merkataritzako udal ordenantza eguneratu zuen iazko urriaren 16an. Ordenantza berri hori egungo legediari egokituta dagoela baietsi du alkateak, eta hondakinen bilketa sisteman egingo diren hobekuntzak jaso dituzte bertan. Pasaitarrei berritasun horien berri emateko, etxez etxeko informazio kanpaina bat aktibatuko du udalak.
Egoera horren aurrean, Alberrok adierazi du birziklapenaren aferak ez diola soilik ingurumenari eragiten, ekonomia ere kontuan hartu behar baita: “Zenbat eta gutxiago birziklatu, orduan eta handiagoa izango da hondakinen kudeaketa gastua. Horrek udal tasen igoera dakar, eta hori ekidin nahi dugu. Eta sinetsita gaude Pasaian lor dezakegula. Beraz, herritarren parte hartzea funtsezkoa da gure osasuna eta ingurunea zaintzeko eta ekonomikoki arduratsuak izateko”.
Birziklapenean aurrera egiteko, herritarrei parte hartze aktiboa eskatu die alkateak: “Eskerrak eman nahi dizkiet dagoeneko hondakinak behar bezala bereizten dituzten herritarrei. Baina guztion inplikazioa behar dugu. Keinu txikiekin eguneroko ohiturak hobetuz, asko da lor dezakeguna”.
Etorkizuna birziklatzen
Pasaiako hondakinen kudeaketaren egoera kontatuta, Pazosek Etorkizuna birziklatzen egitasmoaren nondik-norakoak azaldu ditu. Ingurumen eta Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu du “hobekuntzak” egingo dituztela hiri hondakinen bilketa sisteman. Aurten, adibidez, edukiontzi marroiak berrituko dituztela aurreratu du, “sendoagoak” izan daitezen. Horrez gain, hiri garbigune berriak jarriko dituzte barruti guztietan otsailetik aurrera, etxeetako hondakin bereziak jasotzeko. Hiri garbigune horiekin herritarrek hondakinak edozein momentutan utzi ahal izango dituztela adierazi du Pazosek, “orain arteko furgoneta ibiltaria itxaron behar izan gabe, eta Garbigunera mugitu behar izan gabe”. Orotara, sei hiru garbigune jarriko dituzte Pasaian, eta horietako bat Trintxerpeko Donostia kalean kokatu dute. Horixe da, hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dutena (ikus albisteko argazkia).
Hondakinen gaikako bilketan aurrera egiteko, beste pauso bat emango du udalak: modu progresiboan, edukiontzi grisak ere giltza bidez irekitzeko sistema bat ezarriko du. Prozesu horri aurten ekingo diotela aurreratu du Pazosek, baina “era progresiboan” iritsiko dira helburu horretara. Edukiontzi marroiak, aldiz, orain arte bezala mantenduko direla jakinarazi du udal hautetsiak, txartel bidez irekiko baitira.
Udalak abiatu duen informazio kanpainan zehar, etxez etxe banatuko zaizkie txartelak behar dituzten herritarrei. Txartel horiek, baina, behin-behinekoak izango direla baietsi du Pazosek, sistema berria martxan jartzen denean txartela berriak banatuko baitzaizkie pasaitarrei. Txartel horiek edukiontzi marroiak eta grisak erabiltzeko izango dira.
Honela justifikatu du Pazosek txartel sistema ezartzearen arrazoia: “Txartel sistema ez da kapritxoa. Legeak dio hondakinen sorreraren araberako tasa bat ezarri behar dugula, eta hori kontabilizatzeko modua dira txartel horiek. Horrez gain, legeak ere ezartzen du tasa ezin dela defizitarioa izan: alegia, tasak nahikoa izan behar duela hondakin bilketak dakartzan gastu guztiak betetzeko, langileen soldatetatik hasi, eta sarrailen aldaketa edo kontainerren mantenura. Beraz, zenbat eta gehiago eta hobeto birziklatu, orduan eta behar eta gastu gutxiago izango ditu Pasaiak, eta tasak ere errealitate horretara egokitu ahal izango dira”.
Hiru fase
Etorkizuna birziklatzen kanpainak hiru fase izango dituela jakinarazi du Pazosek, hamar asteko iraupena izango dutenak. Lehen fasea aurre girotzearena izango da. Fase hori martxan dago jada, hilaren 29ra arte. Hor sartu dituzte kanpainaren aurkezpena eta zabalpena, eta informazio kartelak eta olanak ezartzea.
Bigarren fasea informazio eta baliabideen banaketarena izango da. Hilaren 27tik martxoaren 28ra bitartean gauzatuko da, eta ingurumen hezitzaileek bisitak egingo dituzte etxebizitzetara eta merkatalguneetara. Horrez gain, puntu finko eta mugikorrak ere jarriko dituzte.
Azkenik, hirugarren fasea ezarpenarena da, eta 2025ean hasiko dira azken pauso horrekin, progresiboki garatzen joango direna. Azken fase horretan hiri garbiguneak martxan jarriko dituzte otsailaren bigarren hamabostaldian, txartel elektroniko berriak banatuko dituzte eta errefusaren edukiontzi grisa itxiko dute.