Olatz Arbelaitz, Puntueus fundazioko lehendakari berria
Informatikan lizentziaduna eta doktorea da Arbelaitz eta 1995etik EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikerlaria. Emakumeen presentzia teknologia arloan areagotzeko ekintzak ere bultzatzen ditu Arbelaitzek
Olatz Arbelaitz Gallego errenteriarra. Olatz Arbelaitz Gallego (Errenteria-Orereta, 1970) izango da Puntueus fundazioko lehendakari berria Iñaki Goirizelaiaren lekukoa hartuta, EHUren ordezkari gisa. Informatikan lizentziaduna eta doktorea da Arbelaitz eta 1995etik EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikerlaria, Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean, zehazki. Aldapa ikerketa taldeko sortzaileetako bat izan zen Arbelaitz, egun zuzendarikidea da , eta bertan Adimen Artifiziala Osasunean eta Ikasketa Automatikoko Eredu esplikagarriak eta bidezkoak lantzen ditu. 2018az geroztik Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kidea da EHUn.
Emakumeen presentzia teknologia arloan areagotzeko ekintzak ere bultzatzen ditu Arbelaitzek, zehazki, “Emakumeak Zientzian” ekimenaren koordinatzailea da errenteriarra.
2015etik, berriz, Ikergazte kongresuen koordinatzailea da eta UEUko Informatikako sailburua ere izan da urteetan.
Izendapen berriari “ilusioz eta arduraz” heldu dio errenteriarrak, eta helburuak ere zehaztu ditu: “Proiektuak duen osasun ona mantendu eta euskal gizarte digital hobea garatzen laguntzea da nire helburua”. Puntueus proiektuari ezinbestekoa iritzi dio Arbelaitzek “esparru digitalean presentzia izateko”. Ez da berria beretzat Puntueus, “beti jarraitu izan dut proiektuaren ibilbidea, amets izan zenetik, gaur egun den proiektu sendo eta finkaturaino. Fundazioko lantaldearekin lankidetzan aritzeko aukera ere izan du aurretik, “oso gustura aritu naiz haien profesionaltasuna eta jarrera positiboagatik, eta konfiantza osoa dut haiengan”.
2012. urtean sortu zuten Puntueus Fundazioa eta .eus domeinuaren kudeaketaren, zaintzaren eta sustapenaren ardura du erakundeak. EHUk, Puntueus elkarteak, Euskaltzaindiak, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak, EITBk, Euskal Kultur Erakundeak, Euskaltel Fundazioak, eta Kontseiluak osatzen dute patronatua.
