Gaztagintza eta arkumeak bertatik bertara, Eguzki Bordaren bisita gidatuan
Bisita gidatua egingo du Eguzki Borda gaztandegiak otsailaren 2an, igandea, Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta.
Eguzki Borda gaztandegian bisita gidatua egingo dute. Bisita gidatua egingo du Eguzki Borda gaztandegiak otsailaren 2an, igandea, Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Idiazabal jatorri deiturako gazta egiten dute bertan ardi latxaren esnearekin. Zamalbide auzoan kokatua dago gaztandegia, San Marko gotorlekuaren inguruan, Lau Haizeta parkean.
Ardiak ukuiluan izaten dira urritik ekainera arte, eta ekainetik urrira, berriz, Aralarren izaten dira, hango larreetan bazkatzen. Arkumeak azaro-abenduan jaiotzen dira, eta gazta, urtarrila eta ekaina bitartean egiten dute, oso garai egokia da beraz, ardiak eta arkumeak ukuiluan ikusi eta gazta egiteko prozesua ezagutzeko, bertatik bertara.
Josu Oiartzabal, gaztandegiko arduradunak gidatuko du bisita, eta bisitariei, ardien elikadurarekin eta zainketarekin lotutakoak azalduko dizkie. Hala, arkumeak gertu-gertutik ikusteko aukera izango dute, eta ardiei bazka emango diete. Ondoren gazta egiteko prozesua azalduko die Oiartzabalek, eta bukatzeko, Eguzki Bordan egindako Idiazabal gazta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Goizez izango da bisita, 11:00etan eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Parte hartzeko, izena eman behar da aurretik posta elektronikoz (egin klik hemen) edota bi telefono zenbaki hauetako batera deituta: 943 49 42 48 edo 688 89 50 68. Horietan, halaber, informazioa eskatzeko aukera izango da.
Bisitaren prezioa, 12 eurokoa da helduentzat eta 6 eurokoa 3-12 urte arteko haurrentzat. Euskaraz emango dira azalpenak.
