«Egiten zituen hautuak herri ikuspegiaren araberakoak ziren»
Kepa Anabitarte trintxerpetarraren bizitza jaso du Eneko Bidegain idazleak 'Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia' liburuan.

Kepa Anabitarte trintxerpetarraren bizitza abiapuntu hartuta, Euskal Herriko historiaren azken ehun urteak jaso ditu Eneko Bidegain idazleak Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia liburuan. Biografia politiko bat osatu du, eta asteartean aurkeztu zuen idazleak berak Trintxerpeko liburutegian.
Nor da Kepa Anabitarte?
Kepa Anabitarte Trintxerpen jaio zen 1934an, eta bere bizitzaren iparra Euskal Herriaren askatasunaren alde egitea izan da. Motibazio horrek bultzatuta, lan munduan murgildu zenean sindikalgintzan hartu zituen ardurak, ELAn zehazki. Ondoren, 1960ko hamarkadako mugimendu mugitu hura ezagutu zuen, kulturalki, politikoki eta sozialki oso ezaguna izan zena. 1960ko hamarkadan Euskal Herriaren zapalkuntzaren irakurketa ideologiko oso sakon eta zehatz baten bidetik egin zuen aurrera. Alderdi politikoetan ere sartu zen epe labur batez, Frankismoaren ondoren, ESB alderdian. Ekonomian ere aritu da, eta hainbat ardura hartu ditu beti: Orreaga iritzi taldean aritu zen, Nabarralde bultzatu zuen, Gara egunkariko presidente izan zen edota Gaindegiaren sorrerako eztabaidetan parte hartu zuen. Gauza askotan ibilitakoa da, betiere herria helburu.
Zergatik idatzi duzu Anabitarteren inguruko liburu bat?
Anabitarte ezagututa, ikusi nuen bazegoela biografia baterako gaia. Pertsonaren bizitza aberatsa da, haurtzarotik zahartzaroraino, gauza asko bizi izan dituelako. Besteak beste, erbestean eskolaratu behar izan zuen, aita haur izanik hil zitzaiolako. Kartzelan egon zen, eta 1962ko Municheko (Alemania) bileran ere hartu zuen parte. Biografia bat idazteko aukera ematen duen pertsona da Kepa. Bestalde, bere bizitzaren bitartez, aukera zegoen Euskal Herriko azken ehun urteetako historia politikoa idazteko beste begirada eta ikuspegi batetik, gaur egun hain ezagunak ez diren hainbat gauza plazaratzeko.
‘Bizitza bat herriari eskainia’ da liburuaren titulua. Pertsona konprometitua izan da, ezta?
Anabitartek egiten zituen hautuak herri ikuspegiaren araberakoak ziren, ikusiz zer zen bere ustez mesedegarria herriarentzat eta zer ez. Horrek gidatu du bere bizitza denbora guztian, ahal izan duen guztia egin du herriaren alde. Eta zer da herriaren alde egitea? Bakoitzak norbere erantzuna du. Batzuentzat herriaren alde egitea dena, beharbada beste batzuentzat gaizki egitea da. Horren inguruan ere hausnarketa oso zorrotzak zituen.
Nolakoa izan da haren ibilbidea?
Kepa Anabitarte familia abertzale batean sortu zen. Aita militantea eta zinegotzia izan zen, baina 1938an hil zen, Kepak 4 urte zituela. Etxeko egoera ekonomikoagatik, Zaragozako (Espainia) eskola batera eraman zuten, eta han egin zituen ikasketak. Gauza asko ikasi zituen han, baina euskara galdu zuen. Udak Pasaian pasatzen zituen, eta nolabait Euskal Herriarekiko konexioa mantendu zuen. Denbora horretan, 1940ko hamarkadan, euskaldun eta abertzale izatea oso-oso klandestinoa zen, eta horrek asko markatu zuen Anabitarte. Euskal Herrira itzuli zenean, gazte zela hasi zen lanean, 15 edo 16 urterekin. Greba batzuk ezagutu zituen eta sindikalgintzan militatzen hasi zen. Horiek dira bere ibilbidearen hastapenak.
Kepa Anabitarteren ibilbidean garrantzitsua da 1962an Munichen izan zen bilera. Orduko Espainiako indar antifrankistek Franco hil ondorengo trantsizioa prestatu nahi zuten, eta indar antifrankista horietara batu ziren euskaldunak eta katalanak. Euskal Herritik, bereziki, EAJren helburua zen ordezkaritza oso zabala izatea, eta Kepa Anabitarte ordezkaritza hartan izan zen. Harekin batera izan zen Iñaki Aginaga ere. Aginaga ez zen ezaguna militantziaren munduan, baina oso intelektuala zen, eta hark esan zuen EAJk Munichen izenpetu nahi zuen itun hura euskal nazioaren ukapenaren ituna zela, eta ezin zela itun hori egin Euskal Herriari uko egitea zelako eta horrek markatuko zuelako gerora izango zen trantsizio demokratikoa. Municheko ituna Euskal Herriaren nazio ukapenean oinarritzen zen.
Aginaga ELAko aldizkaria idazten hasi zen, eta aldizkari horretan ahoan bilorik gabe mintzatzen zen politikaz, bereziki PSOE alderdiaren kontra. PSOE eta EAJ nahiko aliatuak ziren, eta EAJk ez zuen hori onartu. Hori dela eta, Kepa Anabitarte eta beste hainbat kide ELAtik kanporatu zituzten. ELAn zatiketa izan zen: erbesteko ELA historikoa, Miarritzen zegoena, eta Hego Euskal Herrikoa, klandestinoki lantegietan militatzen zuena. Bigarren hori Kepa Anabitartek bideratzen zuen. Klandestinitatean egin zuen militantzia, polizia atzetik zuela aritu zen ELAko arduradun lanetan, eta atxilotu egin zuten, kartzelan egon zen.
Ibilbide horretan aipatu behar da Anabitarte 1977ko hauteskundetara aurkeztu zela ESB alderdiarekin. Alderdi horren sortzaileetako bat izan zen. Momentu hartan zalantza une bat izan zuen Anabitartek, hauteskundeetan aurkezteko edo ez. Azkenean aurkeztu zen, baina gerora horren autokritika egin zuen. 1977ko Espainiako hauteskunde orokor haietara aurkeztea zen nolabait ontzat ematea Euskal Herriaren zapalkuntza. Ondoren, mugimendu haiek utzi zituen, baina bere kezka politikoekin jarraitu zuen.
Euskal Herriaren historiaren azken ehun urteak Anabitarteren bizitzaren bitartez kontatu dituzu. Zergatik?
Euskal Herriaren historian gauza asko daude kontatzeko, eta uste dut, gainera, badirela mezu batzuk. Alde batetik, Euskal Herriaren zapalkuntza ez zen hasi Francoren altxamenduarekin, lehenagotik zetorren. Kepa ume zela eta hura jaio baino lehen ere, liburuaren hasieran hainbat istilu aipatzen ditut, nazio zapalkuntzari lotuta daudenak. Zapalkuntza bazegoen, eta izan monarkia, diktadura edo errepublika, Euskal Herria zapaldua izan da beti. Zapaltzaileak izan dira eskuina, eskuin muturra eta baita ezkerra ere, Espainiako eta Frantziako ezkerrak. Uste dut azken ehun urteetako epean hori bistaratzen dela.
Horrez gain, uste dut gaur egungo belaunaldiek, 50 urtetik beherako gehienok, gutxi dakigula xeheki gai honetaz. Nolakoa zen giroa Euskal Herrian 1920ko edo 1930eko hamarkadetan? Uste dut transmisiorik ez zela egin belaunalditik belaunaldira, tabu edo isilune batzuk izan ziren; baina istorioak kontatu behar dira eta aukera izan dut horiek kontatzeko. Zetorren oldarraldi bortitz baten zantzuak bazeuden 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, eta Francoren oldarraldia etorri zen. Ondoren, etsipen hamarkada bat izan zen, 1940koa. 1950eko hamarkadan kimu eta eztabaida batzuk hasi ziren, eta 1960ko hamarkadan loratze bat izan zen, eta beharbada ezagunena zaiguna da.
Garai hartako gauza asko daude kontatzeko, esaterako, kooperatibismoa, kultur eta politika mugimenduak edota borroka armatuaren sorrera. Horiei guztiei buruzko irakurketa egin dut. Baina, zein irakurketa gelditzen dira gaur egun? Hegemonikoak edo soilik bizpahiru ideia sinplekoak? Ikusi dugu eztabaida gehiago bazeudela, irakurketa fin batzuk bazeudela, eta horiek ere kontatzea da liburuaren helburua.
Ondoren, 1970eko hamarkadatik aurrerakoak, laburrago jorratu ditut, Kepa Anabitarteren bizitzan ez direlako horren zentralak izan, eta guk ere hurbilago ditugulako. Nolabait kontatu nahi izan dut hain ezaguna ez den gure historia. Adibidez, ETAri buruz ia ez dut hitz egiten. ETA aipatzen da, baina hori dagoeneko badakigu. Baina badaude beste hainbat elementu politikan garrantzitsuak izan direnak, eta atal horietara ere joan behar dugu.
Biografia politiko bat idatzi duzu, ezta?
Bai. Biografia batek pertsona baten bizitza kontatu behar du, bere bizitza pertsonala, izaera edota abenturatxoak barnebiltzen dituena. Esaterako, atxilotzen duten momentua. Hor detaileak kontatu ditut, esanez nola gelditu zuten Hendaiako kontrol batean. Biografia baten narrazioan garrantzitsuak dira anekdotak, pertsona baten bizitzari bizitasuna eman behar zaiolako.
Politikoa dela diot analisi politiko asko dagoelako liburu honetan. Lehen aipatu dut Iñaki Aginaga, oso pertsona garrantzitsua izan zen. Joseba Ariznabarreta ere aipatu dut. Horiek ideologo inportanteak izan dira, eta Euskal Herriaren zapalkuntzaren eta askapen bideari buruzko hausnarketa oso sakonak egin zituzten. Biografiaren bitartez saiatu naiz hausnarketa sakon horiek modu dibulgatzaile batean azaltzen, ez hain modu akademikoan.
Zein ondorio atera dituzu egindako lanetik?
Atera ditudan ondorioak batez ere politikoak dira. Batetik, eta lehen aipatu bezala, zapalkuntza ez zen hasi Frankismoarekin, eta ez zen bukatu Frankismoa bukatutakoan. Euskal Herria beti izan da zapaldua eta zapaldua izaten jarraitzen du.
Bestetik, askapen soziala eta nazionala batuta doaz. Herri batek aske egoteko eskubidea du, eta hori ez da negoziatzen. Askatasunerako eskubidea denek daukagu eta hori oso ideia inportantea da Kepa Anabitarteren ibilbidean. Liburu honetan jasotzen da ideia hori.
Horrez gain, herri baten askatasuna eta Euskal Herriaren independentziarako justifikazioa beste bi zutabetan daude oinarrituta. Horietako bat gure historia da, Nafar estatua izan izana. Gure eskaeraren zilegitasuna justifikatzen duen akta da, nazioarteko zuzenbidean garrantzitsua den akta bat. Gu gure herriaren jabe izan ginen eta jabetza hori kendu ziguten gure baimenik gabe eta bortizkeriaren bidez. Ezinbestekoa den beste zutabea da oraindik bizirik egotea eta askapen nahi hori bizirik mantentzea. Historikoki existitu zaitezke, baina momentu batean ia ez bazara gehiago existitzen edo erabat asimilatuta bazaude, historiak berak ez du justifikatzen; baina gure nazio ibilbiderik gabe hemen ez legoke askapen mugimendurik.
Hori estrategikoki nola egiten da? Nik ez dut horren inguruko erantzunik, baina sartu ditut eztabaida estrategikoen aipamenak. Hor sartu dudana da Kepa Anbitartek eta bere ingurukoek leporatu izana EAJri eta ETAri bi bide antagoniko erabiltzea, baina funtsean berak direnak: gure askatasunaren giltza Madrilen edo Parisen esku uztea. Madrilgo parlamentura joatea, urteetan EAJk bakarrik egin duena eta ez ezker abertzaleak, bertako aurrekontuak negoziatzea, edo gobernuan nor egongo denaren giltza izatea, negoziazio bat da Madrilek konpetentzia gehiago edo gutxiago emateko, eta hor Madrili ematen diozu giltza.
Borroka armatuaren bidez ere, gauza bera egiten zen. Borroka armatua egiten bada errepresioa dator, eta errepresioa baldin badator mobilizazio gehiago egongo dira; beraz, Madrilgo erantzunaren baldintzapean jartzen da hemengo mobilizazioa. Horrez gain, apustua zen Madrilek negoziatu behar izatea, eta Kepa Anabitartek eta bere kideek zioten guk gure barne indarretik eta gure bidetik askatu behar dugula herri hau, eta ez Madrili giltza emanez. Madrilek du giltza eta ez digu atea irekitzen. Gauza sakonak aipatu ditut, baina dena ahalik eta modu eramangarrienean kontatzen saiatu naiz.