Hezkuntza beharren mesedetara eraikitako espazioa
Ofizialki inauguratu dute Lino Berria eraikina, berrikuntza lanak bukatuta.
Familia argazkia egin zuten Lino Berria ofizialki inauguratu ostean. Txoko ugari, espazio zabalak, beirategi handi, jolas eta esperimentaziorako eremu mordoa… ia lerro zuzenik gabeko espazio abegikorra. Atzo inauguratu zuen ofizialki Lino Berria eraikin berritua Orereta Ikastolak, gerturatu zirenen begietara espazio goxo bezain berritzailea azaltzeko. Santa Klara kaleko eraikina berritzeko lanak iazko ekainean hasi eta abenduan bukatu zituen Orereta Ikastolak, “2019an Esmalterian hasitako bideari bukaera eman eta Haur Hezkuntzako eraikin eta espazio guztiak hezkuntza-beharretara egokitu eta haien mesedetara jartzeko”.
Hezkuntzaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan inauguratu zuen Orereta Ikastolak eraikin berritua, eta hezkuntza zein hura garatzeko espazioak birpentsatzeko apustu sendoa egina duela jarri zuen agerian, haurren beharrak, eta erritmoak erdi-erdian jarrita.
Xabier Gorrotxategi Zipitria Orereta Ikastolaren lehendakariak atzokoa egun pozgarria izan zela azaldu zien inaugurazio ofizialera bertaratutakoei. 2019ra begira jarri zen Gorrotxategi gogora ekartzeko garai hartan Orereta Ikastolaren hezkuntza komunitateak hautua egin zuela, “erabaki zen espazioak antolatu behar zirela hezkuntza beharretara. Ildo horretatik zabaldu genuen Esmalteriako eraikin berritua. Bidea hasi genuen, baita aurrera egin ere eta Lino Berria da horren segida”. Harro azaldu zen, “Haur Hezkuntzako etapa osoa metodologia berri honetara moldatzea lortu dugulako”.
Harreraren ondoren, bisita gidatua egin zuten eraikin berritua lehen eskutik ezagutzeko. Bisita bukatuta, Lino fabrika zenaren orube berean oinarriak dituen Lino Berriaren plaka agerian jarri zuten zenbait ikaslek, koloretako harietatik tiraka lihozko oihal zatiak banan bana kenduz. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Aizpea Otaegik hartu zuten hitza gero. Lehenak, ikastolen bereizgarria dela berrikuntza pedagogikoa jarri zuen nabarmen bere hitzartzean, “Horrek mugitzen gaitu beste ezaugarri batzuekin batera”. Komunitateari egin zion erreferentzia ondoren, “hemen nabari da komunitate bat dagoela atzean, familiak, badirela profesional batzuk konprometituak, eta pozgarria da. Horrek erakusten du bagoazela aurrera, etorkizunari begira ikastolok ere. Kontziente gara behar berriak ditugula, eta ari gara lanean, errealitate berri horiei erantzuteko. Lan hori gainera herriarekin batera egiten dugu, eragileekin, euskalgintzarekin, Euskal Herrirako etorkizun hobeago baten bidean proiektu honi zorionak”.
Espazioari erreparatu zion Otaegik eta zortedunak direla ¡haurrak esan, “zein zorte gaurko harrek halako espazio batean hazi eta hezteko aukera izatea. Espazioak aldatzen ari dira, gizartea ere aldatzen ari delako eta ditugun erronkak aldatzen ari direlako. Aldatzen dena ez da bakarrik espazioa, aldaketa horrek berekin batera dakar aldaketa askoz ere sakonagoa. Erronka handiak ditugu aurrean:aukera berdintasuna, gizarte inklusibo bat, komunitate inplikatu eta konprometitu bat eraikitzea, euskara erdigunean jarriko duen komunitatea eraikitzea…”. Hori guztia eraikitzeko ikastetxeek jokatzen duten “paper ezinbestekoa” erdigunean jarri zuen alkateak: “Pozgarria da ikustea ikastola eta ikastolaren bueltan ari den komunitate osoa nola dagoen prest horiei aurre egin, eta harago, horiei aurrea hartzeko. Zorionak, eta segi lihozko hari horri tiraka eta komunitatea eraikitzen”.
Ondoren bertaratu nahi izan zuten herritar guztiei zabaldu zizkien ateak parez pare Lino Berriak.
