Oiartzun Irratiaren uhinek bete dute Landetxe
Oiartzun Irrati Ga-Lak emandakoarekin pozik daude antolatzaileak; hedabidearen aurtengo ildoak herritarrekin partekatzearekin batera, haren presentzia handitzea izan dute xede.
Oiartzun-irrati Ga-La Landetxen.Imanol Saiz Gomez de Segura Ilusio handiarekin, eta indar beteta. Hala dago Oiartzun Irratia atzoko Oiartzun Irrati Ga-Laren ondotik. Ez da gutxiagorako, mende laurdena bete du irratiak —aurretik urtebetetze festa egin zuten behar bezala ospatzeko kandelak eta guzti itzalita—eta atzoko ekitaldiaren bidez urte berrirako ondu duten programazio eta lan ildoen berri ematearekin batera, hedabidearen presentzia zabaltzea zuten helburu. Bete dute helburu hori, ase da Itsaso Guemes Oiartzun irratiko esataria, eta hala azaldu dio HITZAri: “Oso kontent gaude, oso polita joan zen ekitaldia eta jendeak esan digunez oso arina egin zitzaion. Oso gustura egon ziren”.
Guemesek halako zer edozer egiten duten lehen aldia dela aitortu du, eta emaitzarekin oso pozik daude. Guemes bera eta Alain Mendizabal, bigarrena ere Oiartzun Irratiko esataria, aritu ziren ekitaldia gidatzen, “egunerokoan egiten dugun irratsaio bat Landetxen erreproduzitzea izan da egin duguna GA-Lan”.
Haiekin batera, gonbidatuak. Ezinbestekoak izan ziren horiek ere atzoko ekitaldian, irratiaren egunerokoan diren moduan. Andriak Plazara! tertuliako kide Izaskun Madariaga eta Josune Igoa—hilean behin saioa egiten dute Jaione Ugaldebererekin batera irratian—; HITZAko zuzendari Urko Ertxebeste bideoz bidalitako mezu bidez; edota Liburuak Hitz eta Pitz saio berrian ari diren LH4, 5 eta 6. Mailako ikasleetako hamar…
Joana Mendiburu alkateak ere ez zuen huts egin atzoko ekitaldian, eta oholtza gainean mintzatu zen Oiartzun Irratiaz zuen lehen oroitzapenaz, eta gaur egunera etorrita, irratiak gaur gaurkoz Oiartzunentzat duen esanahia ere izan zuen hizpide. Aiako Harria Gaztelumendi zinegotziaren mezua ere jaso zuten, azken hori bideoz, fisikoki bertaratzea ezinezkoa izan baitzuen.
Oiartzun Irratiaren sintoniarekin hasi zuten ekitaldia, eta web orri berrian barrena “tour txikia” egin zuten bertaratutakoek; kolaboratzaileen txanda heldu zen gero. Irratiaren soinu bandarekin lotura estua duten Ane Badiola eta Joxe Leon Amigorenak jarri zuten musika; Irati Odriozolak ez zuen aukerarik izan kantuan aritzeko irratiaren Ga-Lan, gaixorik zegoen-eta. Bi kantu abestu zituen bikoak, Gorka Urbizuren Etxe bat eta Xabier Amurizaren hitzak dituen eta Oskorrik musikatu eta ezagun egin zuen Euskal Herrian euskaraz: “Irratia, finean, etxea delako eta gure hizkuntza normalizatzeko tresna gisa, euskararen bozgorailu izateko bokazioarekin sortu zutelako”.
Programazio berriaren aurkezpenaren txanda heldu zen ondoren, eta lehiaketa ere ez zen falta izan. Lehiaketarako galdera, Aiako Harria noiz sortua den, eta asmatzaileak bi izan ziren. Bigarren galdera, berdinketa hausteko, Oiartzunek zenbat biztanle zituen 2005. urtean. Gehien gerturatu zenak, Tolare jatetxearen eskutik bi lagunentzat bazkaria irabazi zuen. Sari gehiago ere, joko gehiago irabaztearen ordainetan. Intxixu jatetxearen eskutik bi lagunentzako beste otordu bat. Eta hirugarren eta laugarren lehiaketa bat ere egin zuten, ausazkoak horiek.
Programa oro lehiaketa osteko kantarekin bukatzen dute Oiartzun Irratian. Atzoko zuzeneko emanaldi berezi hori ere horrela bukatu zuten, baina ez edonola. Oso sorpresa oiartzuarra agindu zuten antolatzaileek eta agindutakoa fin bete ere: Alaitz eta Maider igo ziren oholtza gainera. Bi kantu abestu zituzten, Ispilu aurrean, eta Txanpon baten truke. Familia argazkia egin, eta Ibargain elkarteko kideek prestatutako zizka-mizkekin jarri zioten ginga atzoko ekitaldiari.
Ondoko galeriako argazkiak, Imanol Saiz Gomez de Segurak eginak dira.
