3,3 milioi tonako trafikoa iaz portuan
Laugarren urtez jarraian hiru milioi tonen kopurua gainditu du portuak. 2023arekin alderatuta, ordea, jaitsiera izan da.

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) 2024aren datu bidezko balantzea egin du. Iaz, 3.374.367 tonako trafikoa izan zuen azpiegiturak, 2023ko 3,4 milioi tonen aldean. Hala ere, laugarren urtez jarraian hiru milioi tonen kopurua gainditu du, beraz, Agintaritzak baikor baloratu du datua, “trafikoa finkatu egin da”, esan du, “porturako funtsezko sektoreetako testuinguru ekono0mikoa gorabehera, jarduera ia bolumen berdinetan mantendu da”.
Portuan joan-etorrian izan diren gaien gaineko errepasoa egin du Agintaritzak. Nabarmendu du azpiegituran izan den gairik nagusiena, beste behin siderurgiarekin lotutakoena izan dela, trafiko osoaren erdia (1,7 milioi tona) bertatik etorri baita; 2023arekin alderatuta, %5,22ko igoera izan dute siderurgia gaiek. Paperaren eta zurezko orearen trafikoek ere gorantz egin dute (227.000m tona osotara).
Autoen joan-etorria jaitsi egin da 2023arekin alderatuta, %16,66an egin du beherantz. Jaitsialdia hainbat arrazoirekin lotu du Agintzaritzak: autoen merkatua ziurgabetasunean dela, Europan ibilgailu berriak erosteko eskariak behera egin duela, edo Pasaiatik esportatzen zen auto baten ekoizpena aldatu egin dela. Beste beheraldi baten berri ere eman dute azpiegituraren gidariek: zerealena, %37,36koa. Hori, ongarrien trafikoaren gorakadarekin orekatu da, %62,97an hazi baita horien joan-etorria.
Arrantza lonjan %11,6 jaitsi zen arrainen bolumena. Hori Europako Batasunak 2024aren hasieran ezarritako geldialdi biologikoaren ondorio izan dela esan du PPAk. Espainiako Estatuan, trafiko bolumenean, hirugarrena da Pasaiako lonja.
Bestalde, salgaien jatorri nagusiak Herbehereak (653.000 tona), Suedia (329.000) eta Erresuma Batua (275.000) izan dira; helmuga nagusiak, berriz, Erresuma Batua (425.000), Belgika (222.000) eta Kanada (101.000).
2025ari begirakoen aurreikuspena egin du David Candelario PPA zuzendariak: “2025ean, automobilaren merkatuan ziurgabetasunak jarraituko duela aurreikus daiteke, eta siderurgiako salgaiek, ongarriek eta zurezko pastak bilakaera onari eutsiko diotela. Gainera, gaur egungoez gain, siderurgia sektorean trafiko gehigarriak sartzea aurreikusten dugu, eta horrek 2025ari begira baikorrak izateko aukera ematen digu”.
2024an egindakoak
Trafikori lotutako datuak emateaz gainera, beste hainbat gairen gaineko informazioa eman du PPAk. 2024an egindako inbertsioei dagokienez, lonjaren barne-berrikuntzarako 5,8 milioi euro bideratu dira, “portuko arrantza jarduerari 5.000 metro koadro gehiago eskaintzeko eta itsas geotermia bidezko klimatizazio-sistema bat, LED argiztapena edo enkante elektronikoa txertatzeko beharrezko aurreinstalazioak abian jartzeko lanei ekin zien PPAk”. Era berean, 2024aren amaieran, portua-hiria harremana hobetuko duen espazio berri baten berrurbanizazioari ere argi berdea eman zitzaion, Agintaritzak nabarmendu duenez. Zehazki, PPAko Administrazio Kontseiluak 1,6 milioi euroko proiektua onartu zuen, Trintxerpen hiri espazio berri bat sortzeko, Correosen egungo orubean. Ekintza horiek PPAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dituzte, Sprilurren bitartez, alde guztiek sinatutako hitzarmen baten esparruan.
Ildo beretik, portuak eta Pasaiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren bidez eta 400.000 eurorekin finantzatua, 76.000 metro koadro inguruko azalera hartzen duten zazpi espazio erabili eta mantentzeko. Horien artean, 2023an inauguratu zen La Herrerako biltegien estalkian dagoen plaza edo Trintxerpeko kaia nabarmentzen dira. Gainera, PPAk eta udalak akordio bat sinatu zuten Ziriza eraikina udalaren titulartasunera eskualdatzeko eta higiezinaren erabilera helburu kulturaletarako bideragarri egiteko.
“Datozen urteetan gertuko erakundeekiko harremanak eraikitzen jarraituko dugu, Herrera eraldatzeko prozesuarekin jarraitzeko; izan ere, urrats garrantzitsua da udalerriaren eta portuaren garapenerako, eta, bereziki, Trintxerpeko herritarrentzako”, azaldu du David Candelariok.