Herbeheretan, eskola trukean
Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko lehen mailako ikasleak astebetez izan dira Herbeheretan, eskola trukean.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2025/01/trukea-web_.jpg)
Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko lehen mailako hainbat ikasle eskola trukean izan ziren hilaren 16tik 22ra arte Herbeheretan. Ohitura du ikastetxeak Roermond hiriko BC Broekhin eskolarekin trukea egiteko, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Martxoan izango da trukearen bueltakoa, orduan etorriko baitira herbeheretar ikasleak Oarsoaldera.
Lizeotik jakinarazi dute egonaldian ingelesa praktikatzeko aukera izan duela ikasle taldeak, “baita Euskal Herriaz bestelako kultura bat barrutik ezagutzeko ere”. Talde lana, kohesioa edota garapen pertsonalari eusteko beta izan dute ikasleek trukearen bidez. Edonola ere, etxetik urrun izan diren astebetera ez dute mugatu egitasmoaren lanketa, trukearen arduradun eta ikasleek ia urte osoko proiektua landu baitute den-dena prestatzeko.
Herbeheretako ikasleen etxebizitzak izan dituzte kabi Lizeoko ikasleek. Aurretik, mezu bidez izan dute komunikazioa, baina aurrez aurrekoari eusteko irrikaz zirela kontatu dute Lizeotik. Hala, etxebizitzetako ateak zabalik izateaz gainera, BC Broekhin ikastetxea, Roermond hiria bera, nahiz Amsterdam eta Maastrich ezagutzeko aukera ere izan dute gazteek: hango historia eta bizimodua zuzen-zuzenean ezagutu dituzte. Trukean, euskal kulturaren berri emateko ekitaldia egin zuten euskaldunek bertako familientzat, azken egunean.
Jarraian, Lizeotik bidalitako argazkien bidez, egonaldiaren hainbat une ikus daitezke. Gainera, bidaian bizitakoak blog batean jaso dituzte ikasleek.