Euskararen etorkizuneko agertokiak eraikitzeko bokazioa duen proiektua
Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu instalazio batek ondu dute 'Etorkisuneku 01' erakusketa.

Etorkizunean euskara erabiltzen jarraituko dela bermatzeko ekarpena egitea da Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren egiteko nagusia, eta bide horretan, euskararen agertoki berriak proposatzen dituen erakusketa zabalduko du gaur arratsaldean, 18:00etan zehazki eta ekainaren 15era arte bisitatu ahalko da. Aldez aurretik hartu beharko da hitzordua horretarako, baita bisita gidatuetan parte hartzeko ere. Etorkisuneku 01 du izena erakusketa horrek eta hiru artelan eta soinu instalazio bat barnebiltzen ditu. Horien atzean, Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artistak daude; beraiek jaso zuten Etorkisuneku sormen beka iaz: “Euskaratik eta euskaraz biziko den hiztun komunitate sortzaile, berdinzale eta justua elikatzeko, gaurtik proposamenak gauzatzen hastea zuen helburu diru laguntzak”.
Gaur goizean aurkeztu dute erakusketa Badalab Laborategiaren egoitzan. Goiatz Oiartzabal laborategiaren zuzendariak adierazi du errelatoak eta diskurtsoak berritu behar direla, “marko horretan kokatzen da gaur aurkeztu dugun erakusketa”. Leire Palacios izan da Badalaben barruan proiektuaren arduraduna. Bere hitzetan euskararen etorkizuneko agertokiak eraikitzeko bokazioa duen proiektua da Etorkisuneku 01, “sorkuntza, ingurune digitala eta euskararen intersekzioan lan egiten dugu eta hortik abiatu genuen iaz Etorkisuneku beka. Fabula bat du oinarrian bekak Nerea Arrienek idatzitako Itzultzeko eskubidea, eta fabula horrek sortutako marko horretatik egin genuen sormen deialdia; artista bakoitzak hortik sortu du pieza bakoitza”.
Erakusketara bildutako sormen pieza bakoitza prototipo gisa lan egiteko prestatuta dago, hala esan du Arrienek, “eta nahi du agertoki ezberdin bat erakutsi”. Horrek hausnarketarako eta pentsatzeko bide eman dezala nahi dute.
Jon Uriarte da erakusketaren komisarioa.
Hiru arte lan eta soinu instalazio bat
Artistek banan bana eman dute sortu dituzten artelanen berri. Kapsulak izeneko proiektua egin du Iraitz Mateo Gogorzak (Oiartzun, 1997), eta 2051. urtean nolako bizitzak izango dituzten euskal hiztunek eta euskal komunitateek irudikatu du. Fanzinea egin du, zortzi kapsulez osatua, eta gaur egungo kezketatik abiatuta 25 urte barruko bizitza zati solteak irudikatu ditu, “gaur egun existitzen ez den migrazioa, euskara, eta kultur aniztasuna lantzen duen erakunde baten akta bat dago. Pil-pilean dago gai hori gaur egun. Adimen artifiziala eta kulturgileak lotuz manifestu bat ere irudikatu dut… Etorkizuna irudikatzeko distopiara jotzen dugun garai hauetan argi pixka bat ematen saiatu naiz euskal hiztunei eta horien komunitateei”. aitortu du sortzaile oiartzuarrak sorkuntza prozesuan bi aurreiritzi nagusien talka eta tentsioak bere haragitan bizi izan dituela, “landa eremu euskalduna baina balio atzerakoiekin lotzen duguna, eta hirigune modernoa balio aurrerakoiekin lotzen duguna baino erdalduna, hain zuzen ere. Bien arteko elkarrizketa sortzen saiatu naiz, etorkizuna hori baino askoz konplexuagoa delako eta konplexutasunak ez duelako esan nahi txarra izango denik”. Emaitza, zortzi kapsula guztiz suelto baina elkarrizketan bisitaria hausnarketan jartzeko.
Isiltasun eskubidea, hori da Nora Goyalde artistaren (Donostia, 1998) ekarria Etorkisuneku 01 erakusketari. Hiru zatiz osatutako artelana da, soinu instalazioa, “etorkizuneko soinuak planteatzen dituen soinu paisaia da, eta hiru zatiek bozgorailuak dituzte. Lehenengoa etxe ondoan metroaren lanek sortutako soinuetatik abiatzen da, lurretik gertuago dagoen horri egiten dio erreferentzia; bigarren pieza ‘mugi nazazu’ idatzia duen gurdia da, eta pentsatua dago bisitariak ere parte hartzeko artistaren eskua helduta mugitu behar da. Kaletik musika entzuten doazen pertsonei egiten die erreferentzia eta bertatik jendearen ahotsak, musika zertzelada batzuk entzun daitezke, uneoro zer edozer entzuten da eta balio du isiltasun eskubidea aldarrikatzeko etorkizunean hori bilatuko baitugu eta ez dugu topatuko”. Azken pieza, gizakiaren dorrea: “aldatuko ez denari egiten dio erreferentzia, mingaina kanpoan duen pertsona baten aurpegia du eta bertako bozgorailutik gizakiaren arnasketa eta ahoarekin egiten diren soinuak entzungo dira”.
Naiara de la Puente musikariarena (Gasteiz, 1983) da erakusketara bildutako azken proiektua: Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak, performancearen aztarnak. Jose Manuel Baena aktorea eta abeslariarekin batera egin du performancea de la Puentek, eta bere bizipenak, oroitzapenak eta euskalduntze prozesua jarri du oinarrian sorkuntza egiterakoan: “Euskararen etorkizunari lotutako hausnarketan zehar sortutako galderetatik abiatzen da performancea. Hausnarketan, sormenean, irudimenean eta akordeoiarekin sortutako musika ardazturik, ahots kantatua, ahots mintzagarria eta dramaturgia baliatu dugu”. Performancea gertatu ondorengo aztarnek bestelako galderak formulatzeko bide emango dute.Performancearen lehen emanaldia gaurko aurkezpenean egin dute de la Puentek eta Baenak: ederra izan da emaitza.
Baenak ere hartu du hitza gaurko aurkezpen horretan. Beretzat euskalduntze prozesua badela bizitzen ari dena azaldu du: “Galderak ditugu, ez ditugu erantzunak eta hemen galderak utziko ditugu”.
Etorkisuneku 01 erakusketaren barruan ekintzen programa publikoa abiatuko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Helburua izango da, zientzia fikzioa ardatz eta erakusketa osatzen duten prototipoen laguntzarekin, euskararen agertoki berrien inguruan hausnartzea; iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.
Zientzia fikzioak iruditegi berria elikatzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean zer ekarpen egin dezaken, edota irudikatzea nahikoa den galderen gainean hausnartzeko jardunaldia antolatu du martxoan, hitzaldi eta tailer formatuetan. Horrekin batera, denboraren ardatza oinarrian izango duten laborategiek osatuko dituzte bestelako proposamenetako batzuk: ” Etorkizuna iragartzeko euskal metodologia anzestralak zeintzuk diren galderaren bueltan laborategia jarriko da martxan, eta itzulpenarekin esperimentatzeko aukera ireki nahi du laborategiak ere. Bisita gidatuak egongo dira komisariotza eta artista taldearen eskutik eta erakusketa bisitatu zein bisitetan parte hartzeko izen-ematea laster irekiko da”.
Horiek guztiak publiko zabalari begirakoak direla azaldu du Oiartzabalek, eta zehaztasun guztiak Badalaben weborrian kontsultatzeko aukera izango da, klik hemen. Bukatzeko, gonbidapena luzatu du laborategiak, programaren barruan txerta daitezkeen proposamenak egiteko: “Helburua, kolektiboan eraikitzea da, euskarari eta hizkuntza komunitateari lotutako kontakizunak, sinismenak edota diskurtsoak elikatzeko bidea zabaltzea”.
Ondoko bideoa, Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.