"Gaintxurizketako lanen hasiera aurrerapauso garrantzitsua da"
Atzo, igandearekin, hasi ziren Gaintxurizketako behin-behineko pasabidea egiteko lanak. Lezoko Udalak baikor baloratu du lanen hasiera.

Atzo, igandearekin, hasi ziren Gaintxurizketa auzoa erdibitzen duen Gi-636 errepidearen gaineko behin-behineko pasabidea egiteko lanak. Lezoko Udalak baikor baloratu du lanen hasiera, “Gaintxurizketako lanen hasiera aurrerapauso garrantzitsua da”, adierazi du Mikel Arruti alkateak. Agintariak adierazi du bizi zuten arriskuari behin betiko konponbidea emateko bizilagunek egindako aldarriak “ezinbestekoak” izan direla gaia bideratzeko, “egoeraren larritasuna salatu eta Lezoko Udalarekin elkarlanean aritu dira”. Lanekin, auzoko azken urteetako egoera “aldatu” eta auzotarren nahiz bertan lan egiten duten oinezkoen segurtasuna eta bizi kalitatea hobetuko direla uste du udalak. Hala, udalarentzat “lehentasuna” da bertako arazoa konpontzea.
Lanen gaineko xehetasunak eman ditu udalak. Aldundiaren esku dauden lanen artean dago hasiera batez aldamio egiturakoa izango den behin-behineko pasabidea egitea. Hamalau metroko luzea izango du, eta errepidetik gora 5,5 metroko altuera. Gainera, Errekalde hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzaren sarreraren arteko tartean oinezkoentzako ibilbidea prestatuko dute, han dauden bi bideetatik bat kendu eta hormigoizko hesiekin babestuz, oinezkoentzako bidea egiteko. Egitura eta bide hori egitearen kostua 348.247 eurokoa izanen da (lau hilabeteko epean eginak izatea espero dute). Horri, udalak beregain hartu dituen lanen zenbatekoa erantsi behar zaio, 109.338 eurokoak horiek: aldundiak egokitu behar duen ibilbide horretatik Perrene auzora doan bidea egokituko du (maiatza bukaerarako eginak izatea aurreikusi dute). Behin-behinekoa egin bitartean, behin betikoaren lanketan izango dira aldundia, udala eta Eusko Trenbide Sarea. Azken hori, Gaintxurizketako bizilagunek HITZAri esandakoaren arabera, 2026rako egina izango da.
Neurri horiez gain, Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen arteko abiadura muga orduko 70 kilometrora jaitsiko da, eta seinaleztapen bertikala zeio horizontala indartuko dira. Tarte horretako errepidearen ardatzean lerro jarraitu bikoitza marraztuko dute, bideen arteko banaketa hobetzeko. Lanek iraun bitartean txirrindulariek ezin izango dute Gi-636 errepidetik zirkulatu Lanbarreneko sarbideko biribilgunetik aurrera.